Nabarmena da EAEko ikastetxe pribatu kontzertatuetako gatazka kolektiboa amaiezina dela; orain gutxi, langileen %100a ordezkatzen dugun sindikatuok beste zortzi greba egun deitu ditugu urrian eta abenduan. Greba hauetara deitzeko arrazoia garbia da: Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek negoziazio kolektiboa erabat blokeatuta dute 2019an azken hitzarmena sinatu zenetik (ez dezagun ahaztu, 29 greba egun behar izan zirela sinadura hartarako).

Gure aldarrikapen nagusiak ondokoak dira: prekarizatuen eta feminizatuen dauden kolektiboen lan-baldintzak hobetzea, lan-kargak arintzea, enpleguari eusteko neurriak ezartzea, lanbide-heziketa arautzea eta KPIa (2020az geroztik %11,8) bermatuko duen soldata igoera ezartzea. Aldi berean ordea, EAEko ikastetxe pribatu kontzertatuek jasotzen dituzten modulo ekonomikoak %15 igo ditu Hezkuntza Sailak; batxilergoaren kasuan %13,8. Ez da ordea zentzuzkoa Hezkuntza Sailak ikastetxe hauei finantzazioa diru publikoz handitu izana KPI indizeaz harago, eta hala eta guztiz ere, langileen soldata ez bermatu izana sindikatuok behin eta berriz aldarrikatu dugun moduan; are okerrago, soldatak 2020az geroztik izoztuta mantendu izana. Greba deialdiek hortaz justifikazio osoa dute. Horiez gain ordea bada ere arrazoi eskerga.

Sare pribatua doan izango denaren utopia saltzeko aitzakiapean inolako kontrol mekanismorik gabe finantzatzioa handitzen jarraitzeak ondorio larriak dakartza; hala nola, sareen arteko desoreka, baldintza beretan hezkuntza jasotzeko eskubidearen urraketa eta eskola segregazioa handiagoa. Hezkuntza Legearen proiektua babesten duten alderdi politikoek sistema duala betikotuko nahi dute eta sistema dualak ez ditu bermatzen ikasleen oinarrizko eskubideak. Publikoa eta pribatua parekatzearen ondorio gisa, sistema dual honek oraingoa baino sistema lehiakorragoa eta erregularizazio txikiagokoa sustatzen du, posible bada. Era berean, sistema dual honek betikotzen du baita lan gatazka, patronalek nahita sorrarazitakoa eta EAJk babestutakoa.

Eskola publikoaren perimetroa zabaltzen duen hezkuntza sistema helburu egin behar da aurrera. Horretarako, osagarriak liratekeen legezko bi tresna daude: batetik, eskoletako plazen planifikazioa, eskola publikoa lehenetsiko duena eta hezkuntza kontzertazioak murriztuko dituena, eskola publikoa eskainiko den bakarra izan arte; eta bestetik, eraginkorra eta erreala izango den publifikazio markoa sortzea, ikastetxe kontzertatuak eta bertako langileak barnebilduko dituena.

Argi eta garbi dugu, patronalekin negoziatzen dugula hitzarmenaren berritzea, hauek baitira blokeoaren arduradun. Aitzitik, premiazkoa da Hezkuntza Sailak neurriak har ditzala, legearen esperoan egon gabe: kontrol neurri gogorrak ezartzea eta ikastetxe pribatu kontzertatuen eskumenak mugatzea; izan ere, patronalak patxada osoan baitaude merkantilizatutako eta erregularizatu gabeko hezkuntza marko honetan. Ondorioak begien bistakoak dira: lan gatazka amaigabea eta jendarte desberdinkeria sakona.