Gaurko Donostiako manifestazioan milaka langile batu direla adierazi ostean, urriko hiru greba egun sorta arrakastatsutzat jo dugu sindikatuok. Hurrengo grebak abenduaren 11 eta 15 bitarterako erregistratuta ditugula gogorarazi dugu. Eta Patronalei hitzarmena adostea ahalbideratuko duten edukiak lantzeko eta proposatzeko deia luzatu diegu.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileriak Lan Hitzarmena berritzeko helburuarekin egin duen laugarren greba eguna da gaurkoa. Lehenengoa apirilaren 25ean egin zuten. Aste honetan hiru greba egun egin dituzte, urriaren 17,18 eta 19an. Eta beste bost greba egun daude erregistratuta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Gaur Donostiako manifestaziora milaka langile gerturatu dira.

Gaurko grebarekin urriko aste honetarako deitutako hiru greba egun sorta amaitzen da. Sindikatuok hiru greba egun hauen balorazio oso positiboa egin dugu. Grebek jarraipen zabala izan dute, langileriaren %70 ingururena eta egindako manifestazioetan 4.000 eta 5.000 langile bitarte batu dira egunero.

Egun hauetan sektoreko Kristau Eskola patronal nagusiak adierazi du elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela. Azken negoziazio mahaia otsailaren 2an izan genuenetik ordea, patronalak ez dira sindikatuekin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturte hasieran, sindikatuek, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diegu; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.

Aurreko hitzarmenaren negoziaketan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu nagusi eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.

Horrela, gaurko manifestazioaren amaieran, sindikatuok Kristau Eskolako egoitzan gutun bat aurkeztu dugu. Kriatu Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatu diegu. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai. Abenduaren 11 bitarte nahikoa denbora dute honetarako.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu.

Euskal Herrian 2023ko urriaren 19an