ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok abenduaren 11tik 15era bitarte deitutako grebak babesteko deia luzatu diegu ikastetxe hauetako langileei.

Lan Hitzarmena berritzeko azken mahai negoizatzailea otsailaren 2an izan zen. Ordundik 4 greba egun egin dituzte ikastetxe hauetako langileek, lehena apirilaren 25ean eta hiru egun jarraian urriaren 17, 18 eta 19an. Grebek jarraipen zabala izan dute, %65ekoa batazbeste. Eta sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiok beste bost greba egun ditugu deituta abenduaren 11tik 15era bitarte. Azken mahaitik 9 hilabete ziren igarota. Greba dinamikak behartuta gaurko egunerako mahaia deitu dute patronalek, baina mahaian ez da aurrerapausorik egon, patronalek ez baitute Hitzarmena berritu ahal izateko proposamenik ekarri.

Hau horrela, sindikatuok abendurako deituta ditugun bost greba egunekin aurrera egingo dugu.

Sindikatuok, Hezkuntza sailari birritan egindako bilera eskaerak erantzunik ez duela izan ere gogorarazi nahi dugu.

Hau horrela, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok arduraz jokatzeko eta Hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten eduki eta proposamenak egiteko eskatu diegu patronalei. Ez da onargarria bost greba egunen aurretik inolako edukirik gabeko mahai batera deitzea. Eta Hezkuntza Sailari egindako bilera eskaerari erantzuteko eskatzen diogu.

Aldi berean, Ikastetxeetako langileei abenduko grebak masiboki babesten jarraitu dezatela eskatzen diegu, hau izango baita patronalak mugiarazteko bide eraginkorrena eta uzten diguten bakarra.

Azkenik, Hitzarmena berritzeko aukera emango duen proposamenik egon ezean urtarriletik aurrera grebak indartuko ditugula ere iragarri dugu.