Abenduaren 11 eta 15 bitarte bost greba egun ditugu deituta. Gaurko ekitaldian hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten balizko proposamenak egiteko eskatu diegu berriro ere Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon ehun ordezkari inguru batu gara hainbat ikastetxez inguratuta dagoen Bilboko Bizkaia plazan, patronalei arduraz jokatzeko eta hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten eduki eta proposamenak egiteko eskatzeko. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Azken mahai negoziatzailea azaroaren 27an deitu zuten patronalek greba dinamikak behartuta, aurrekotik 9 hilabete ziren igarota (otsailaren 2tik). Mahaian, ordea, ez zen aurrerapausorik eman, patronalek ez baitzuten hitzarmena berritu ahal izateko proposamenik ekarri. Horregatik, sindikatuok abendurako deitutako bost greba egunekin aurrera egitea erabaki dugu.

Sindikatuok birritan bilera eskatu ondoren, Hezkuntza Sailak adierazi du bilera egiteko prest dagoela. Itundutako eskolek dituzten finantzaketa iturrien gaineko gardentasuna kontrolatzeko ardurarekin batera langileen lan baldintza egokiak bermatzeko ardura berea ere bada. Hala adieraziko diogu bilera horretan sindikatuok, eta gatazka bideratzeko esku har dezala.

Sindikatuok gogorarazi dugu ikastetxe horietako langileek lau greba egun dituztela eginda, lehena apirilaren 25ean eta hiru egun jarraian urriaren 17, 18 eta 19an. Greba jardunaldiek jarraipen zabala ari dira izaten, %65ekoa batezbeste. Baina hitzarmena berritzeko aukera emango duen proposamenik izan ezean, urtarriletik aurrera grebak indartuko dituztela iragarri dugu.