STEILASeko Emakume Idazkaritzatik hausnarketa egin nahi dugu sare sozialetan publikatutako irudien inguruan: Hondarribian, irailaren 8an izango den alarde tradizionalean, kantinera gisa desfilatuko duen alabarekin batera agertzen da EAEko Hezkuntza Sailburua, Cristina Uriarte.

Hogei urte baino gehiago igaro dira EHko Mugimendu Feministak eta Irun zein Hondarribiako herritar askok alardean berdintasunean parte hartzeko aldarrikapena egiten dabiltzanetik. Hala ere, urteotan alarde tradizionalen alde daudenak kantineraren papera indartu egin dute. Horrela, kontrako mezu zuzena bidali diete alarde mixtoaren alde egiten duten pertsonei. Keinu honek Emakunderen politikarekin talka egiten du, izan ere, Hondarribia eta Iruneko aldarde mixtoei eman baitzien 2011ko saria. Arartekoak ere alarde mixtoaren eta elkarrizketaren alde egin du.

STEILASek larritzat jotzen du edozein kargu publikok bere presentziaz alarde tradizionalaren praktika baztertzaileen alde egitea. Eta are larriagoa da, Hezkuntzako Sailburua izatea modu aktiboan parte hartzen duena.

Zein mezu bidali nahi ote dio hezkuntza komunitateari egiten diren berdintasun politiken inguruan? Hezkuntza Sailburuak ez ote luke salatu beharko alarde mixto eta berdinzalean parte hartzearen alde egiten dutenek jasaten dituzten erasoak? Eusko Jaurlaritzak ez al du onartu behar Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak alarde mixtoaren alde emandako epaia, ospakizun publiko batean genero arrazoiengaitik ezin dela bazterketarik egin arrazoitzen duena?

Indarkeria sinboliko eta errealaz ari gara, bere puntu gorena desfilearen egunean gertatzen dena baina alarde mixtoaren alde egiten dutenek, urtean zehar ere jasaten dutena. Biolentzia hau, geletan, kalean, etxean, kuadriletan eta bizitzako eremu guztietan islatzen da. Hemendik dator hain zuzen ere gure kezka, izan ere, Alardea ez da jai bat soilik, eredu maskulino hegemikoaren “autoafirmazio kolektiboko errituala” da (klasista, arrazista, LGTBIfobikoa…) eta tradizioa mantentzearen aitzakiaz gizarte heteropatriarkalaren muina indartu baino ez du egiten.