BEHIN-BEHINEKO LANGILEEN EGONKORTASUNAREN HARIRA

STEILASen lan ildo nagusienetarikoa beti izan da plantilen eta, batez ere, hezkuntza sistema publikoa osatzen dugun langileon egonkortasuna bermatzea. Benetako egonkortasuna beste oposaketa eredu bat da: gardenagoa eta benetan aukera berdintasuna, merituak eta gaitasunak baloratzen dituena, eta batez ere, kontsolidazioari ateak irekitzen dizkiona.

Azken hamarkadetan gora-behera asko izan ditu behin behineko langileen egongortasun ereduak. STEILASek 2007ra arte iraun zuen egonkortasun eredua defendatzen jarraitu du negoziaketa mahaian. 2007an bertan behera geratu zen behin-behinekoentzat eta plantilentzat egonkortasuna zekarren eredu hau.

Hezkuntza sailak irakasleen kolektiboari egonkortasuna emateko proposamen berria jarri zuen mahai gainean aurreko ikasturtean. STEILASek defendatu izan duen eredutik urruti dagoen proposamena bada ere, negoziatzeko prest agertu gara, baina margen eskasa izan dugu. Plantilen egonkortasunean aurrera pausua bada ere, ez du inondik inora hezkuntza sistema publikoaren egonkortasuna bermatzen

“Lanpostu hutsak betetzen dituzten bitarteko funtzionarioak lanpostu horietan mantendu ahal izatea harik eta postua arauz bete edo funtzionario titularra itzultzen den arte”. Gogoeta hori abiapuntu izanik, STEILASek alegazioak egin dizkio Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenari: uko egiteko eskubidea, 55 urtetik gorako langileei ikastetxean edo zonaldean lanpostua bermatzera, jardun osoko lanpostuak izatea soilik.

Hala ere, garbi dugu gobernuaren proposamena irakasleon behin-behinekotasuna kudeatzeko proposamen bat dela, ez besterik. Beste oposaketa eredu baten bidez eta kontsolidazioaren bitartez bermatu beharko lirateke langile guztien plantilen eta langileen egonkortasuna.