Prentsa oharra Ituna martxoak 26

Hezkuntza Ituna garatzeko, negoziazioan etenik ez

STEILAS sindikatuak ongi baloratzen ditu atzoko Hezkuntza Itunaren jarraipen batzordean emandako aurrerapausoak: Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza zuzeneko ordu murrizketa gauzatuko da plantiletan, jardunaldi osotzat hartuko dira irakaskuntza zuzeneko 15 ordu Bigarren Hezkuntzan eta 18 ordu Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 5,5 hilabete edo gehiago lan egin dutenei kontratua zabalduko zaie uztailean eta abuztuan.

Hala ere, ikasturte honetan negoziatzekoak ziren beste alderdi batzuk, gelditu ziren gerora antolatuko diren mahai teknikoetan jorratzeko, baina ez dugu ia astirik eta ezin dugu itxaron ekainean bildu arte, jarduneko gobernua izanen dugulako, guztiz geldirik, hauteskundeetatik aterako den gobernu berriaren zain. Horregatik, ezinbestekoa da lehenbailehen ekitea jorratu gabe gelditu diren alderdiei: ordezkapenak berehala egiteko irizpideak eta baliabideak zehaztu, jubilatu ezin diren 6o urte edo gehiagoko langileen ordutegi murriztu eta egiazko hizkuntza trataera bateratuaren programa ezarri (bai hizkuntza berekiena, euskararena zein gaztelaniarena, eta atzerriko hizkuntzena, Nafarroako ikastetxe eta ikasle guztientzat).

Garaiz gaude aipatutako itunaren puntu hauek eta beste zenbait negoziatzeko eta abian jartzeko. Probestu dezagun aukera eta hobe dezagun, denon artean, Nafarroako eskola publikoa.