Azken egunetan Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileen greba deialdiaren inguruan entzun eta irakurri dugunaren harira, STEILAS sindikatuak hainbat zehaztapen egin nahi ditu ohar honen bitartez.

Jakina denez, abenduaren 23tik urtarrilaren 24ra bitartean LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileak hilabete bateko grebara deitu zituen. Abenduaren 17an kaleratutako ohar batean, abenduaren 12an aldebakarrez erregistratu zuten greba deialdira batzea eskatu zigun STEILAS eta ELA sindikatuei.

Ezustean jasotako deialdi horren ondorioz, abenduaren 18an kudeaketa langileekin asanbladan bildu ostean, STEILAS eta ELA sindikatuok mobilizazio deialdi horrekin bat ez egitea erabaki genuen. Izan ere, bilera horretan kudeaketa langileen gehiengo zabalak bapateko deialdiagatik beraien haserrea adierazi eta gero, greba ez zutela babestuko jakinarazi ziguten. Langileen babes falta eta ezinegon horren ondorioz hartu genuen beraien iritzia errespetatzeko erabakia.

Gogoratu behar dugu kudeaketa langile horiek jada 2018ko azaroan 3 sindikatuekin jarri zirela kontaktuan beraien lan baldintzen alde lan egiteko eta mobilizazioak eta elkarlana eskatzeko. STEILAS sindikatuak eskaera hori hasieratik babestu zuen arren, LAB sindikatuak ez zuen langileen babes eta laguntza eskaerarekin bat egin. Ikasturte osoa iraun zuen mobilizazio eta negoziazio dinamika gauzatu eta gero, 2019ko irailean ere 5 eguneko greba egin zuten, ikasturte hasiera betean. Beraz, borroka aspaldi hasi zuten kudeaketa langileek, eta ez orain dela 15 egun.

Orain, berriz, LAB sindikatuak kudeaketa langileen babesik ez duen aldebakarreko greba deialdi batekin bat ez egitea aurpegiratzen dio STEILAS sindikatuari. Gure helburua greba deialdia desitxuratzea dela esatera ere iritsi dira, gure elkarlana faltan botatzen omen dutela. Esan bezala, guk 2018ko azaroan egin genuen bat kudeaketa langileen laguntza eta babes eskaerarekin. Orduan hauek izan ziren babesa faltan bota zutenak. Baina ez gurea.

Bada, hilabeteko greba deialdi honek izan dezakeen jarraipen mugatua ez da STEILAS sindikatuaren babes faltarengatik izango, langileen babes faltagatik eta haserrearengatik baizik. Norberaren ekintzek desitxuratzen dute norberaren jarduna, ez besteenek. Bakoitzak bere erabakien ondorioen ardurak bere gain hartzea ondo legoke, ardura besteei leporatu beharrean.

Lerro hauen bitartez LAB sindikatuari eskatu nahi diogu interes propioen gainetik adostasunerako eta elkarlanerako prestutasuna erakustea, urte beteko langileen borrokari esker orain arte egindako lana aitortzea eta gainontzeko sindikatuak errespetuz tratatzea.

Bukatzeko, esan nahi dugu STEILAS sindikatua beti egongo dela Haurreskolak Partzuergoko langile guztien eskubideen aldeko borrokan eta sindikatuen arteko elkarlana bilatzen. Egunero ari gara horren alde lanean, eta soberan erakusten dugu gure jardunarekin.