Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldiaren amaierako ebaluazioa: EZ DU GAINDITU

EAJ-PSEren gobernuaren lau urte hauek aurreko lauen jarraipena baino ez dira izan. Bi hitzetan laburbil genezake: pribatizazioa eta segregazioa.

Cristina Uriarte buru den sailaren politika desarautzaileek hezkuntza-itunen gorakada izan dute abiapuntu (batez ere derrigorrezkoak ez diren etapetan). Horretaz gain, itunpeko sarean ez du betearazi planifikazioa ezta onarpen-araudia ere.

Eskuindarrek gobernatutako estatuko beste administrazio batzuetan eta Europako eskualdeetan gertatzen den bezala, hezkuntza publikoa hezkuntzarako eskubidea bermatzeko administrazioaren tresna izateari uzten ari zaion sare subsidiario bihurtzeko. Horrela, hezkuntza eskubide bat izatetik titulartasun pribatuko ikastetxeen esku geratzen den salmenta-produktu izatera pasatu da. Politika horien ondorio zuzenak bi dira: ikasketa prozesuetan okerrera egitea eta eskola segregazioa areagotzea. Steilasek aspalditik salatu du egoera hori, eta aldi berean kanpo-ebaluazioek, hainbat txosten eta azterlanek berretsi dute.

Horregatik guztiagatik, arrazoi sozioekonomikoei erantzuten dion eskola-segregazioak maila pentsaezinetara iritsi da gizarte demokratiko batentzat. Kontuan izan behar dugu eskola-segregazioaz ari garenean finean giza eskubideen urraketaz ari garela. Alde horretatik, hainbat plataformek eta gizarte-mugimenduk bazterketa-politika horiek salatzeko egindako ahalegina azpimarratu eta eskertu nahi dugu. Steilasek dei egiten du plataforma horiek guztiek bat egin dezaten euskal eskola publikoaren papera aldarrikatzeko eta herri mobilizazioak bultzatzeko, egoera jasanezin hau iraultzeko helburuarekin.

Esparru politikoan egoera latza da. Aitortzen dugu legealdian zehar ikusi ditugula Elkarrekin-Podemos eta EHBilduren eskutik Eusko Legebiltzarrean keinu eta proposamen positiboak. Baina Lehenengoak EAJren aurrekontu pribatizatzaileei emandako babesak eta bigarrenek titulartasun pribatuko hezkuntzaren inguruan duten zehaztugabetasunak areagotu egin dute euskal eskola publikoak egunero pairatzen duen ume-zurztasuna. Legebiltzarreko gainerakoengandik espero genuena jaso dugu, besterik ez.

Legegintzaldi honetarako Jaurlaritzaren proposamen kuttuna Euskal Hezkuntza Legea zen, EAJren eta PSEren hitzetan segregazioari aurre egiteko balioko lukeen legea zen hori. Kosta egiten zaigu ulertzea orduan zergatik bozkatu zuten helburu berbera zuen Zubiak Eraikiz-ek aurkeztutako ILParen kontra. Errealitatea da sailburuaren bulegoko kutxa batean gordeta dirauen lege hori itunpeko sare pribatuaren pribilegio-egoera finkatzeko marko legala baino ez dela. Hezkuntza komunitate osoak ezagutzen du hezkuntza sailaren asmoa. Sare publikoa babesten dugun eta pribatizazioaren aurka agertzen garen eragile guztien oposizio indartsuak LOMCEn oinarritutako Lege hori geldiaraztea lortu dute.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, legegintzaldiak argi-ilunak izan dituela esan genezake. Garapen maila ezberdina izan duten akordio positiboak sinatu baditugu ere, euskal irakaskuntzako langileek osatzen dugun kolektiboaren zati handi batek prekarietate egoerak pairatzen jarraitzen du. Ikastetxeetako langileen arazo nagusiak honakoak dira: interinitatea, erretiroak, eros-ahalmena, ratioak eta lan-karga onartezinak. Eta arazo horien aurrean, Hezkuntza Sailak negoziatzeari ere uko egiten dio. Baina euskal eskola publikoak parean duen mehatxu nagusia eskolen itxiera da. EAJk eta PSOEk hezkuntzaren pribatizazioaren inguruan hartuko dituzten erabakien menpe diraute milaka lanpostuk.

Amaitzeko, zenbait eskaera egin nahi dizkiogu sartzen den gobernuari:
1. Egin dezan behingoz sare publikoa hedatzeko baldintzak hobetzearen alde eta utz diezaion hezkuntza-sistema pribatizatzeari.
2. Ituntze unibertsal eta hezkuntza-merkantilizazio politikak bertan behera utz ditzan.
3. Hezkuntza sistema osoko gehiengo sindikalarekin akordioak lortzeko konpromiso irmoa hartu dezan eta ekin diezaion negoziazio kolektiboari behingoz.
4. Hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna bermatzeko neurriak har ditzan lehenbailehen.
5. Sare publikoaren benetako doakotasuna bermatu dezan 0 urtetik unibertsitaterarte.
6. Benetako baliabideak jar ditzan politika feministak eta pedagogia feministan oinarritutako proiektuak bultzatzeko.
7. LOMCEn oinarritutako Hezkuntza Legea behin betiko alde batera utz dezan eta hezkuntza-sistema propioa garatzeko balioko duen beste bat presta dezan.
8. Irakaskuntza publikoan gutxienez BPGren% 6ko inbertsioa berma dezan.