Gaur, otsailaren 27an, hiru aste betetzen dira Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegiko luizia gertatu zenetik. Ordutik, bi langile, Alberto eta Joaquin, desagertuta daude. Hori dela eta, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu gaur, otsailaren 27an, Ermua eta Eibar arteko biribilgunean, arratsaldeko 18:30ean.

Istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langile eta herritarrek egindako mobilizazioak, bertan gertatutakoa argitzea eta langileak eta osasuna erdigunean jartzeko eskatuz.

Sindikatuon arabera, bi desagertutakoen bilaketa ez da lehentasuna izaten ari Jaurlaritzarentzat eta Zaldibarren lanean ari diren langileen osasuna ere ez dago bermatuta sindikatuok astelehenean bertatik bertara ikusi genuen moduan. Beste behin, ikusi dugu Jaurlaritza eta Urkullu ahaztu egin direla langileez. Hau dela eta, mobilizazioekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, “Zaldibar argitu” lemapean egiten ari direnetan parte hartzeko deia eginez.

Lanean hildakoen odolusteak ez duela etenik. Bi hilabete ere ez dira pasatu urtea hasi zenetik eta honezkero 13 dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, eta 2 Zaldibarren desagertutakoak. Azken astean, 2 izan dira lanean hildako langileak. Lanetik bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu eta neurri eraginkorrak eskatzen dizkiegu administrazioei egoera honen aurrean.