LEGEGINTZAREN BALORAZIOA

Bi legealdi eman ditu EAJak EAEko hezkuntza sistema kudeatzen eta ezin dezakegu esan hobera egin duenik. EAJ ez da gai izan gure hezkuntza sistemak aspalditik zekartzan arazo nagusiei aurre egiteko eta, aldiz, inoiz baino konfrontazio eta tentsio gehiago bizi izan ditugu . Halaber, egon diren aurrera pausu nagusiak, sindikatu eta eragileen ekimenez abiatutako konfrontazioen ondoren etorri dira.

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak aldebakarrez eta modu ilunean jokatu du legealdi osoan zehar. Jokabide hau agerian geratu da eta areagotu da azken hilabete hauetan bizitako salbuespeneko egoeran. Langileen ordezkariekin akordioak greba dinamika gogorren ondoren heldu dira eta gainontzeko eragileek, guraso zein ikasleek, une oro erakutsi dute beraien haserrea Hezkuntza Sail honekin.

EAJren norabide neoliberalak hezkuntzarekin lotutako jendarte mugimentuak berpiztu ditu. Asko izan dira eskola publikoaren alde sortutako plataformak eta ekimenak eta STEILASek bere poza adierazi nahi du aurkeztu berri den Eskola Publikoaren aldeko Topagunearekin.

Ikastetxe pribatuekin klientelismo politikak oinarri, pribatizazioa eta segregazio politikak izan dira EAJren hezkuntza kudeatzeko elementu nagusiak. Aldiz, Cristina Uriarteren ibilbidea denboran luzea izan bada ere hamaika arazoei muzin egitea erabaki du.

    • 0-3 zikloa. Etapa honek sakoneko eta berehalako berrantolaketa behar du. Eskaintza unibertsala, doakoa, eta beraz, publikoa izan behar da. Administrazioaren eskaintza pribatizatua, dibertsifikatuegia eta kontrolgabekoa da.

    • Ikasleen onarpen prozesua. 2018ko ikasleen onarpenerako dekretuak ez du ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzen, bere zehaztasun faltak ikastetxe pribatuei babes legala ematen die ikasleak aukeratzen jarraitzeko. Ikasleen onarpen prozesua ezin da hezkuntza enpresa pribatuen esku egon.

    • Sare publikoko langileen behin behinekotasuna. Gaurko sarbide ereduak behin behinekotasun tasa handia bere horretan mantzentzea ahalbideratzen du.

    • Segregazioa. Azken urtetan gora egin du jatorriagatik edota egoera sozioekonomikoagatik gertatzen den segregaziok.

    • Eredu linguistikoak. Gai honekiko hezkuntza eragileon adostasuna zabala bada ere, EAJak murgiltze sistema indartu eta euskaren presentzia areagotu beharrean, hizkuntza politika sistema desarautzeko erabili du.

    • Sistemaren bateratzea. Ikasle guztien aukera berdinatasuna bermatu eta pribatizazio dinamikak eten beharrean, gobernuak sistema lehiakor bat sustatu du eskaera eta eskaintzan oinarritutako merkatu arauak hezkuntzara ekarriz. Joko arau horiek aplikatu ahal izateko merkatu librean oinarritutako “familien ikastetxea aukeratzeko” paradigma neoliberala hezkuntza politiken oinarrian ipini du EAJak.

    • Negoziazio kolektiboa. Oso larria da EAJren eskuetan dagoen Hezkuntza Sailak bere langileekiko eta hauen ordezkariok garenekiko erakusten duen begirune eza. Irakasleak, heziketa bereziko hezitzaileak eta Haurreskoletako langileen oinarrizko eskubideak ez dira bermatzen. Ezinbestekoa da kolektibo hauetan Negoziazio kolektiboa berrabiaraztea.

    • 2018ko akordioa. Hezkuntza Publikoko irakasleok sinatu genuen akordio hura garatu gabe geratu da.

    • Sare publikoko langileen erretiro baldintzak. Langileen arteko talka ahalbidetzen duen ikaragarrizko arrakala dago gai honekiko, baina gobernu honek ez dio egoera honi aurre egin nahi izan.

    • Ikastetxeen autonomia. Ikastetxeek autonomia behar dute, eta horrek, halabeharrez, administrazioaren pixua handitzea dakar logika gerentzialetan erori ez gaitezen. Autonomia ezin da desarautze politikak aplikatzeko erabili.

    • Burokrazia. Ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeak gero eta itoago dabiltza. Administrazioak, sarritan langileak kudeatzeko “autonomiaren” argudioa erabiliz lan zama ikaragarria bideratu du ikastetxeetara. Langileen kudeaketa dministatrazioaren esku egon behar da, zuzendariak ez baitira gerenteak.

    • Pribatuko langileen kontratazioa. Azken aste hauetan agerian geratu da sare pribatuko kontratazio ereduaren kutsu endogamikoa. Diru publikoz hornitutako ikastetxe guztien kontratazioa administrazioaren kontrolpean egon behar da

    • Hezkidetza planak. Feminismoaren bidetik berdintasunaren alde lan egiteko egonkorrak eta eraginkorrak diren planak bideratu beharko lituzke Hezkuntza Sailak. Hauek gauzatzeko formakuntza duten langile egonkorren presentzia ez badago plan hauek aurpegia zuritzeko tresna soilak bilakatu daitezke.

Beraz, erronka ugari ditu Hezkuntza Saila kudeatuko duen hurrengo gobernuak, EAJ-PSE tamdemak porrot egin baitu nabarmen. Eskola publikoa hekuntza sistemaren ardatz bihurtzeko orduan STEILASek ezkerreko koalizo baten beharra ikusten du ezinbestean. Edonola ere, hezkuntza kudeatuko lukeen ezkerreko gobernu horrek ez luke nahikoa izango asmo onak adieraztearekin. Publikoa, euskalduna eta hezkuntza sistema propioa sustatzeko hitzetik ekintzetara pasatu beharko luke. Benetako alternatiba izan nahiko badu, orain arte ezkerreko alderdiek erakutsitakoa baino konpromiso garbiago eta irmoagoa beharko du, aukera bedintasuna bermatu eta ikasle guztientzat euskara ardatz duen hezkuntza sistema propioa garatzeko.

Bide horretan hezkuntza publikoa erreferente dugun hezkuntza eragileokin elkarlanean aritu beharko litzateke; haien proposamenak aintzat hartu, partekatu eta akordioetara heldu. STEILAS bidelagun izango du horretan, eta hauteskundeen atarian zenbait proposamen plazaratzen ditugu.

Pribatizazio dinamikak eten eta sare publiko bakarrera bidea eraikitzea helburu duen hezkuntza politika garatu behar dira, soilik horrela izango baitu hezkuntzak dagokion funtzioa gizarte kohesionatzaile gisa. Denona eta denontzat den sare bakar bat behar dugu, eta horretarako diru funts iraunkor bat ezinbestekoa da. Hori horrela, azken hamarkadan eman den zerbitzu publikoen desegiteari aurre egiteko eskola publikorako finantziaketa lege bat eskatzen dugu. Gure gizartean zorionez gero eta handiagoa den aniztasunari erantzun ahal izateko baliabideak behar dira,

Premiazkoa da administrazio publikoko langileen lan baldintzak babestuko dituen gobernua bat. Besteak beste, interinitate tasa jaisteko sarbide bikoitzaren eredua defendatuko duena, hau baita lanean ari diren langileen eskubideak babestu eta hautagai berriei lan aukerak zabaltzen dizkien bakarra. Langile guztien erretiro baldintzak berdinduko dituen proposamen bat ere behar dugu, zeinean langileak progresiboki erretiratu ahalko diren plantilak gazteberritzen diren aldi berean. Eta orokorrean, langileen lan baldintza beraien ordezkariak garen sindikatuekin negoziatuko duen gobernu bat behar dugu nahitaez.

El PNV ha estado dos legislaturas gestionando el sistema educativo vasco y no podemos decir que éste haya mejorado. El PNV no ha sido capaz de hacer frente a los principales problemas que nuestro sistema educativo arrastraba desde hace tiempo y, en cambio, hemos vivido más confrontación y tensión que nunca. Asimismo, los principales pasos que ha habido han venido tras las confrontaciones iniciadas a iniciativa de sindicatos y otros agentes educativos.