EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Larramendi ikastolako irakasle baten antsietate baja lan istripua dela onartu du

Ikastetxeak demanda jarri zuen langilearen aurka eta, ebazpenak dioenez, ikastetxeak berak “oinarririk gabe” sortutako lan egoerak eragin zuen baja psikologikoa.

Irakaslea 2009. urtean hasi zen Larramendi Ikastola itunduan lanean eta 2.018/2.019 ikasturtean medikuak baja eman zion, bere lan bizitzan lehen aldiz. Bajak lau hilabete iraun zuen.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak “ikastolaren eta bertako irakasle guztien edo batzuen artean gatazka publiko eta nabarmena” zegoela eta irakasleari ikasturte horretarako eman zioten “lan karga handitu” egin zela, “batez ere bere prestakuntza akademikoarekin bat ez datozen irakasgaietan”, egiaztatu zuen; eta baja “lan istripuak eragindakoa” zela ebatzi zuen.

Ikastola eta Asepeyo mutua ez zeuden ados GSINren ebazpenarekin, eta bi demanda jarri zituzten langilearen eta GSINren aurka. Bilboko Lan Arloko Epaitegiak GSINk ebatzitakoa berretsi zuen eta ikastolak helegitea jarri zuen. Azkenik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du helegitea, eta Lan Arloko Epaitegiaren epaia berretsi du berriro.

Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, “lotura argia dago irakasgai/ikasleen igoeraren eta baja medikoaren artean”, nahiz eta “enpresak hainbesterako ez dela frogatzeko helburuarekin argudio batzuk aipatzen dituen”. Halaber, “enpresak ez du azaltzen bat-bateko igoera horren justifikazioa”, eta igoera hori “erabaki atipikotzat” jotzen du epaimahaiak. “Harridura areagotu egiten da”, jarraitzen du epaiak, “jakin badakigunean irakasle guztien artean bera dela lan igoera bikoitz hori izan duen bakarra; eta gertaera hori ere ez da azaltzen”. “Ez da harritzekoa”, jarraitzen du, “ikastolak sortutako oinarririk gabeko lan egoeraren aurrean, baja psikologikoko prozesu batekin amaitzea”, eta “horretarako ez dago beste kausarik”. Epaiaren arabera, “harrigarria da enpresa bere arazoa gutxiesten saiatzea”, eta gaineratzen du ezin dela “zalantzan jarri, besterik gabe, bera egoera eta aldi horretan mantentzeko irizpide medikoa”. Sententziak dioenez, ikastolak “Derioko Osasun Mentaleko Zentroaren (Osakidetza) txostenaren irakurketa partziala eta interesatua egiten du”, ez duelako aipatzen “garrantzi handiko informazioa”; eta hori gertatzen da, baita ere, lan kargaren igoera gezurtatzen saiatzen denean: “ez dugu ulertzen zergatik enpresak ez duen aipatzen…”, “ezin da ezabatu bigarren paragrafoa”, …

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ikastola kondenatzen du eragindako kostuak ordaintzera, irakaslearen abokatuaren zerbitzu sarien zati bat ordaintzera eta helegitea jartzeko egindako gordailua galtzera.

Gaur egun irakaslea eszedentzia egoeran dago. Bere lana egitea eragotzi dion lan egoeraren arduraduna ikastola bera izan arren Kontseilu Errektoreak epaitegietako bidea hartu izanak, eta eragindako kaltean duen erantzukizuna aitortzeari uko egin izanak, irakaslea eszedentzia eskatzera, oraingoz, eraman dute.

Ez da lehen aldia epaimahai batek ikastolako langile baten baja lan istripua dela aitortzen duena. Hala egin zuen Bilboko Lan Arloko Epaitegiak 2019an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak “prebentzio neurriak ez betetzeagatik langilearen osasunerako kalte larria” gauzatu zela adierazi ostean. Auzitegiak “langileari kalte-galerak ordaintzera” kondenatu zuen ikastola.