Pasa den astelehenean, hilak 3, Planifikazio bilera izan genuen Irakasle-ikertzaile arloko Errektoreordearen eta sindikatuen artean. Bileraren helburua zen aldi-baterako eta batezere BITARTEKO irakasle-ikertzaileen lan-egoeraren argazki bat eskaintzea eta lanpostuak egonkortzeko moduen eta ibilbideen gaineko argibideak ematea. Baita 2020ko LEPa dela eta plazak zehazteko orduan erabilitako irizpideak aldatzeko arrazoiak ematea eta sortutako arazoari proposamen bat eskaintzea ere.

Hona hemen han azaldutakoaren eta eskainitako datuen laburpen bat.

1) BITARTEKO EGOERAN DAUDEN IRAKASLEEN EGOERA

Irakasle-Ikertzaile arloko Errektoreordeak hauteskundeen ondoren ardura hartu bezain laster adierazi zuen bere lehentasunen artean zegoela irakasle-ikertzaileen plantillaren plan-gidari berri bat egitea, hain zuzen ere, plantillaren datozen urteetako garapena planifikatzeko. Sindikatuok txalotu egin genuen asmoa, uste baitugu aurreko plan gidaria ezarri zenetik ziklo luze bat bete dela dagoeneko eta beharrezkoa dela gaur egungo plantilla-egitura birpentsatzea.

Aste honetako bileran jada, Errektoreordeak adierazi zigun plan-gidaria egiteko, beste ezer baino lehen, beharrezkoa zela gaur egungo plantillan egon litezkeen egoera ez guztiz erregularrak konpontzea, batez ere, BITARTEKO hainbat irakasleren egoera kontraktualari zegokionean. Hori dela eta, halako egoerak dituzten Sailekin harremanetan jarri dela adierazi zigun, gaur egun BITARTEKO egoeran dauden irakasleen egoera bereziak aztertu eta haiek “erregularizatzeko” asmoarekin.

Hori dela eta, Errektoreordeak bi gutun bidali dituela Sail haietako Zuzendaritzetara, eskatuz, kasuan kasu, batetik, plazak araubidera egokitzeko (amortizatu beharrean geratutako Unibertsitate zein Unibertsitate-eskoletako katedratiko, titular, agregatu, lankide edo dena delako irudiak, legokiekeen egoerara eraldatuz, normalean atxikienera), eta bestetik, hala behar izanez gero, plazak lehiaketara ateratzeko (beti ere aintzat hartuta egun ordezkorik dagoen edo ez plaza betetzen eta haren egoera).

“Erregularizazio” hitza beldurra eragiten duen horietakoa da, zalantzarik gabe, eta hala adierazi genion sindikatu guztiok Errektoreordeari. Alegia, ez dezala prozesua baliatu inongo neurri murriztailerik hartzeko bere aldetik, sindikatuekin aurretik hitz egin eta negoziatu gabe. Erantzunetan, Errektoreordeak bere hitza eman zigun “erregularizazio” prozesu honen ondorioz egiteko asmoa duen aldaketak sindikatuon onespenarekin egingo
direla eta, nolanahi ere, bere asmoa dela, beti ere, malgutasun handiarekin jokatzea eta aintzat hartzea egun plazak betetzen ari diren pertsonen egoerak eta baldintzak.

Gauzak horrela, bertaratutako sindikatu guztiek proposamena onartu genuen nahiz eta berriro insistitu, edozein kasutan, egokitzapenak eta moldaketak sindikatuokin negoziatu eta adostu beharko direla. Errektoreak baiezkoa berretsi zuen eta guk behintzat ez dugu inongo arrazoirik haren hitza eta asmoa zalantzan jartzeko.

Nolanahi ere, zure edota zure Sailaren egoeraren inguruko inongo zalantzarik izango bazenu edota Saila zurekin harremanetan jarri eta egindako proposamenekin ados egongo ez bazina jar zaitez gurekin harremanetan eta saiatuko gara zalantzak eta eskakizunak behar bezala artatu eta bideratzen.

2) 2020KO LEPa eta AGREGATU-TITULAR ZERRENDA

Eztabaidatu zen beste gaia 2020ko LEPean lehiaketara atera beharreko lanpostua zehazteko erabiltzen den zerrendarena izan zen. Hona esandakoa labur-labur jasota.

Batetik, aurtengo zerrenda aurrekoetakoa baino “gaurkotuagoa”, “egonkorragoa” eta “garbiagoa” zetorrela adierazi zuen Errektoreordeak. Eta arrazoia du horretan, 2020ko LEPa egiteko zerrenda 2020ko abenduaren 31an bertan itxi baita (aurrekoetan beti lehenago ixten zen zerrenda), aintzat hartuta, bakarrik, data horretan agregatu/titular akreditazioa zuten eta honako plazetan zeuden irakasle-ikertzaileak:

1) atxikiak
2) atxiki gisa 5 urte egon ondorengo Bitartekoak
3) atxiki plazatik igaro gabe konpromisoren bat sinatua duten Bitartekoak

Bestetik, LEP honetarako Unibertsitateko Irakasle-Batzordeak irizpide berri bat aintzat hartzea erabaki zuela, ez zerrendaren hurrenkera aldatzeko, baizik eta urte honetako LEPari dagozkion lanpostuak zehazteko. Hain zuzen ere, lehentasuna ematea atxiki plazetan 2 urte eta erdi daramaten irakasleei. Alegia, UIB/CPUren proposamenak dakar 2020ko LEPean ez aintzat hartzea ez atxikitik pasatu gabe Bitarteko plazetan daudenen
postuak ezta atxiki gisa bi urte eta erdi baino gutxiago daramatenenak ere.

Irizpide edo neurri berri hori justifikatzeko bi arrazoi erabili omen ziren:
– justizia arrazoi bat arauzko bidea jarraitu eta konpromisoak bete dituzten irakasleekiko.
– ahalegina, atxiki gisa bost urtetik gora egon eta Bitarteko egoerara igaro beharrean leudekeen irakasleen kopurua murriztu eta hartara multzo hura ez handitzeko.

Zabaldu zen eztabaidan, zenbait sindikatuk zalantzan jarri genuen halako irizpide aldaketaren egokitasuna eta zuzentasuna ez behin-behineko zerrenda argitaratzean baizik eta behin-betikoa ematerakoan. Gure ustez halako aldaketak negoziatu eta nolanahi ere aurrez ezagutarazi behar dira. Bestalde, mahai gainean jarri zen baita hainbat arrazoirengatik (gai honek nolabaiteko zerikusia du aurreko puntuan jorratutakoarekin, BITARTEKO irakasleen egoera ez guztiz erregularrarena, alegia) zerrendan agertu ez baina EHUn Bitarteko gisa eta agregatu edota titular akreditazioaren jabe urte asko daramaten irakasleen kasua ere, zeinentzat ez den momentuz lanpostuak egonkortzeko adostutako aukerarik eskaini.

Gauzak horrela eta LEParen gauzaketa-prozesua aipatu irizpideekin jada martxan dagoela argudiatuta eta atzera egiteak hura luzatu eta atzeratzea eragin zezakeela arrazoituz, Errektoreordeak proposatu zuen dagoenarekin aurrera egitea. Baina konpromisoa hartzen zuela 2020ko LEP hau udan amaitu eta 2021ko LEPa bizkortu eta azken urteotan ohikoa izaten ari dena baina lehenago atera eta gauzatzeko. LEP horretarako, halaber, gaur egun zerrendatik kanpo daudenen egoerak aztertu eta haiek ere integratzen joateko irizpideen azterketa egiteko proposamena egin zuen Errektoreordeak.

Bertaratutako gehienok proposamena onartu genuen, guztion hobe beharrez, uste baitugu une honetan gehiago irabazten dugula denok 2020ko LEPa bizkor gauzatuz eta 2021ekoa aurerratuz. Emango diren pausu guztien informazioa bideratzen ere saiatuko gara.