Barrenak nahasita esan genion agur 2014-2015 ikasturteari, ikasturte gazigozoa izan baitzen,  inondik ere. Gazia, gobernuen jarreren ondorioz, hezkuntza-politikan mendeko agertu zirelako.  Izan ere, ongizate soziala, aukera-berdintasuna eta guztiok barnean hartzen gaituen jendarte  bat sustatu beharrean, aurkako norabidea hobetsi zuten: bikaintasuna, orotariko ebaluazioak, gerentzia-ereduak, errebalidak… Azken batean, merkatuaren (bankuak eta enpresa handiak) eta  ELGA eta PISA gisako erakundeen irizpideei mesede egiten dieten politika pribatizaileak  bultzatu zituzten. Proposamen horien helburua da Europako ekonomia hobetzea (beren ikuspegitik, betiere), eta ez hainbeste ikasleen edo jendartearen benetako beharrak asetzea.
Publikoari begira kontrakoa esan duten arren behin eta berriro, aurreko ikasturtean, Nafarroa  eta EAEko hezkuntza-sistemen kudeatzaileek ez zituzten hezkuntza-komunitatearen nahiak  aditu, ez zuten hezkuntza sistema propiorik garatu ezta euskara defendatu ere; aitzitik, interes ekonomiko jakin batzuen mende ipini zituzten gure ikasleen hezkuntza eta etorkizuna.

Gainera, EAEren kasuan, badirudi gertu daudela Wert ministroak eta LOMCE lege (zoritxarrez    sonatuak) irekitako bidea baliatzeko, eta, horrela, Hezkuntza Lege bat aurrera ateratzeko,   Heziberriren bidez. Lege horrek, oraingoz, hezkuntza pribatuari egiten dio mesede, eta  irakaskuntzaren merkantilizazioa sendotuko du.

Horrez gain, aurreko ikasturtean lan-eskubideak murriztu zituzten, bosgarren aldiz segidan, eta  horrek ondorio larriak eragin zituen sektorean: enplegua suntsi zuen, ratioa handitu,  ordezkapenak gutxiagotu, erretiroa berandutu, erosmen-gaitasuna galduarazi… Ez hori  bakarrik, hezkuntza sistema publikoarekin lotutako funtzioak bazter utzi zituzten, eta ez zuten inbertsiorik egin azpiegitura publikoetan.

Mirabekeria, mediokritatea eta utzikeria dira EAEko hezkuntza-kudeaketaren ikurrak; Nafarroak aldaketa politikoak, aldiz, itxaropen-haizea ekarri du. Gobernu berriak programa interesgarri  bat adostu du, eta orain guri dagokigu zera eskatzea, hezkuntza publikoaren alde apustu egin  dezatela, eta hori igar dadila aurrekontuetan eta hartzen dituzten erabakietan. Asmo onak  gorabehera, ikusteko dago zer jarrera hartuko duten eta zer egingo dutean LOMCEaren  aurrean, bertako eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren harira, lan-eskaintza publikoaren  harira, negoziazio kolektiboa berreskuratze aldera…

Dena dela, une gozorik ere izan zen aurreko ikasturtean: milaka familiak planto egin zuten eta aurre egin zieten EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren, Heziberriren eta LOMCE bidez ezarri  nahi izan ziren inposizioei. Adibidez, planto egin zioten lehen hezkuntzako 3. mailako errebalidari, Heziberriren planean froga diagnostikoa deitua. Familia askok uko egin zioten frogari (Eusko Jaurlaritzak hainbat ikastetxetan egiteko asmoa zuen, baina, azkenean, ikastetxe  bakar batean baino ez zen burutu). Nafarroan, Hezkuntza Sailaren txantaia eta mehatxuak  direla medio, uko egiteko jarrera ez zen hainbeste zabaldu. Lanean jarraituko dugu, familia- elkarte, plataforma eta beste sindikatu batzuekin elkar hartuta, ekintza bateratuak sustatzeko, iruditzen baitzaigu horiek egiten jarraitu beharko dugula hastear den ikasturte honetan ere.

Hezkuntzari lotutako kontuez gain, bestelako alor batzuk ere landu beharko ditugu: indarkeria  matxista, TTIP, Kutxabank, Garoña, migrazioa… Horiei ere helduko diegu, ahal dugun heinean;  izan ere, gure iritziz, jendarte bidezkoago batera bidean, hezkuntza-ereduak berak eta  kontzientzia kolektibo sozialak oinarri sendo bat osatu behar dute.

steilas ek irmo eusten dio  gainontzeko hezkuntza-eragileekin adostasunak bilatzeko  konpromisoari, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean zehaztutako hezkuntza-eskubidea  lortzeko asmoz: hezkuntza publiko, euskaldun, anitz, laiko eta doakoa pertsona guztientzat,  herritar guztientzako kalitatezko hezkuntzaren berme.

Euskal Herrian 2015eko irailaren 4an