Hedabideetan irakurriko zenuenez, joan den asteazkenean gobernuak 14/2021 Errege Dekretua baliozkotzea lortu zuen, enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko neurriei buruzkoa. Legebiltzarreko babesaren truke, gobernuak iragarri zuen Errege Dekretua lege-proiektu gisa izapidetuko dela, eta, beraz, testua irekita egongo dela aldaketak egiteko. Testua azaroa baino lehen behin betiko izapidetu ahal izatea aurreikusten da, eta Kongresuaren bilkuran bi aldaketa iragarri zituen funtzio publikoko ministroak:

– Posible izango da oposizio-fasea (azterketa) baztertzailea ez izatea.
– Beren lanpostuan hamar urteko bitartekotasuna duten langileek merezimendulehiaketa baten bidez finkatu ahal izango dute lanpostua, baldin eta beren lanpostua ez bada aurrez deitu.

Bere garaian jakinarazi genuenez, gobernu zentralak, UGTk, CCOOk eta CSIFek adostutako neurriei buruz STEILASek egindako balorazioa negatiboa zen; izan ere, aldi baterako langileak eta bitarteko langileak zigortzen zituzten, zerbitzu publikoak okertzen zituzten eta ez zuten arazoaren konponbidea bermatzen. Orain, aldaketak daude neurri horietan, zurrumurruak eta ziurgabetasuna sortzen dira, eta azarora arte iraungo du horrek, BOEn argitaratutako behin betiko testua ezagutu arte, baldin eta legeak beharrezko babes parlamentarioa lortzen badu.

Ondorioa nahiko etsigarria da. Bitarteko langileen etorkizuna argitu beharko lukeen lege-dekretu batek zalantza gehiago sortu ditu. Aipatutako aldaketak prentsari egindako adierazpenen bidez ezagutu ditugu. Eta, lege-proiektu gisa izapidetzen denez, azaroan behin betiko onartu arte ez dugu jakingo neurrien benetako eraginkortasuna. Ziurtasunak sortu beharrean, lege-proiektu hau segurtasun falta handiagoa sortzen ari da.

UPV/EHUn 2018-2019-2020 lan-eskaintza publikoak onartuta dauzkagu, prozesu bakar batean egin beharrekoak, eta dagoeneko hasi gara negoziatzen. STEILASek ahalik eta baldintza onenak proposatuko ditu aldi baterako eta bitarteko langileak finkatzeko, legealdaketetatik etor daitekeen edozein hobekuntza barne, betiere segurtasun juridikotik abiatuta. Horregatik, bitarteko eta aldi baterako langile guztiei lasaitasun-mezu bat bidali nahi genieke.