Aurreko urriaren 23an Arabako landa eta hiri gunea bat eginik Gasteizko kaleetara atera zen. Aldarrikapena garbia zen: industria makroproiektuen aurrean gure lurra defendatuko dugu.

MANIFESTUA

Azken urteotan, Arabak hainbat eraso jaso ditu, industria makroproiektu anitz medio, hala nola:

  • Zentral eolikoak lurraldeko kordal menditsuetan, non ekosistemarik aberats eta bioaniztunenak mantentzen diren, eta horien zatiketak eta industrializazioak animalia eta landare espezieen nahiz azalera naturalaren galera ekarriko lukeen. Ekosistema horien balio handia hainbat egitasmok babesten dute (korridore ekologikoa, nekrofagak kudeatzeko plana, Bonelli arranoa bersartzea); Foru Aldundiak berak jada baztertua du azpiegitura gris horiek eremu horietan instalatzea (Mugarri Plana).

  • Eremu oso handiak erabiliko dituzten megaparke fotovoltaikoak, balio agrologiko handia duten lurretan proiektatuak eta arriskuan jartzen dituenak bertako nekazaritza eta abeltzaintza jardueren jarraipena.

  • Nekazaritza ekoizpena industrializatzea eta areagotzea, elikaduraren inguruko hezkuntzan, tokiko produktuen kontsumoan eta ekoizpen ez-intentsiboko produktuen kontsumoan egindako ahalegin guztiak urratuz, hala nola nazioarteko gomendioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako irizpenak, elikadura sistema jasangarriei buruzkoak.

  • Egungo trenbidearen paralelo doan trenbide plataforma berri bat eraikitzea, abiadura handiko trenak soilik erabiltzeko, eta eragin natural, sozial eta ekonomiko neurrigabea duena.

Trantsizio energetikoa, energia berriztagarrien sustapena eta tren garraio azpiegituren hobekuntza aitzaki hartzen duten proiektu horiek, arriskuan jartzen dituzte:

  • Lurraldearen egituraketa eta landa eremuetako bizimodua.

  • Egoera onean geratzen diren EAEko azken natura eremuen kontserbazioa, beraien biodibertsitateak eta ondare naturalak eta kulturalak berreskuraezinak diren kalteak jasango baitituzte

  • Arabako herri eta kontzejuen lurralde-subiranotasuna eta egungo lurralde eredua.

  • Mendien jabetza publikoa.

  • Maila txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarria, landa ingurunea bizirik mantentzen duena.

Erakunde publikoek eta enpresek proiektu horien eta beraien ustezko balio sozialaren defentsa publikoan emandako argudioak, bide engainagarria baino ez dira diru publiko kopuru handiak eta NextGeneration EU programaren barruan dauden Europako laguntzak eskuratu ahal izateko. Funts horien bidez, multinazional handiek, gure erakunde publikoen laguntzarekin, ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortu nahi dute ahalik eta denbora laburrenean.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:

  • Abian dauden proiektuak berehala geldiaraztea eta biodibertsitatearen benetako babesean eta errespetuan oinarritutako Lurralde Plan Sektorialak garatzea, lurralde honetako pertsonak eskatzen ari garen bezala. Lurraldea antolatzeko planik ez dagoenez, gaur egun nazioz gaindiko enpresek, lurraldearen bizitzarekin zerikusirik ez dutenek, edozein kokaleku aukera dezakete.

  • Energia ekoizteko zentralak mendi eremutan eta nekazaritza lurretan eraikitzeko debekua lehenbailehen ezartzea, lurraldearen antolamendurako jarraibideek (LAJ) argi adierazten duten bezala.

  • Ekoizpen zabaldua oinarri duen energia eredu bat, deskarbonizazioa eta energia berriztagarrien garapena sustatzen duena, soziala, eta biodibertsitatea benetan errespetatzen duena.

  • Landa eremuetako bizimodua, herriak eta kontzejuak defendatzea; beraien subiranotasuna, biziraupena, eta ingurune naturalarekiko duten sinbiosia, artatzen gaituen lurraldearen zaintza ziurtatzen dugularik.

  • AHTaren proiektuak geldiaraztea eta tren sozialaren aldeko apustua egitea; egungo trenbideak modernizatzea eta egokitzea, mota guztietako trenek erabil ahal izan ditzaten, maiztasunak handituz.

  • Landa lurrak multinazionalen interesen aurrean benetan babestea, eta zentral fotovoltaikoak nekazal baliorik gabeko lurretan ezartzea, eta ingurumenari kalterik eragin gabe.

  • Landa ingurunea eta natura ingurunea babestea, herrietan eta hirietan bizi diren pertsona guztien ondare denez; babesleku bat, guztiok errespetuz goza dezagun eta ez multinazionalen onurarako baliabide bat.

Proiektu hauek Araban gordetzen dugun altxor itzelaren erahiltzea suposatuko lukete. Horregatik, beharrezkoa da gure natura guneak eta landa eremuko bizimodua zaintzea, gure kultur nortasunaren ondare ukiezin eta bizitzaren sostengu baitira. Ondare hori defendatzeko betebeharra dugu, gure gizarte osasunerako ezinbestekoa dena, eta funtsezko ondasun komuna etorkizuneko belaunaldientzat.

Horregatik guztiagatik, urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestaziora bertaratzeko deia luzatzen dugu.

Hiriak beharrezkoak ditu landa ingurunea eta ingurune naturala, eta horiek arriskuan daude orain. Indarrak batu ditzagun bere defentsan.

Araba bizirik!

Lurra defendatuko dugu!