Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, jardunaldiak antolatu ditu STEILAS sindikatuko Idazkaritza Feministak.

Zehazki, formakuntza-saioa egin dugu martxoaren 10ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (Donostia). Goizeko 10:00etan hasita, bi hitzaldi izan ditugu:

– Pobrezia energetikoari buruz aritu da Ekologistak Martxan elkarteko Maitane Arri Escudero. Ekofeminismoa eta energia uztartu ditu hizlariak, eredu energetikoak dakartzan ondorio eta kalteak azalduz. 

– Elikadura burujabetza genero ikuspegitik aztertu du Etxaldeko emakumeak taldeko kidea den Amets Ladislao González. Euskal Herrian dauden elikagaien ekoizpen eredu ezberdinei buruz aritu da hizlaria, eta Etxaldeko emakumeak taldeak proposatzen duen agroekofeminismoa zer den azaldu du.

Hitzaldiekin amaituta, dokumental bi ikusi ditugu. Lehenengoa “No tenemos miedo” izenekoa. El Salvadorreko (Erdialdeko Amerika) iparraldeko komunitateek ustiapenerako baimenak bilatzen zituzten meatze-proiektuen aurka egindako borroka kontatzen du. Vidalina Morales lider komunitarioaren esperientziatik kontatuta dago. Beste emakume askorekin batera, meatzaritza metalikoaren aurkako borroka gidatu zuen bere herrialdean, hamarkada batez baino gehiagoz. Praktika horren aurkako munduko lehen legea onartzea lortu zuten borrokaren bidez.

Bigarrenak, aldiz, “Erroa eta geroa” du izena eta Euskal Herriko adin guztietako hainbat emakume baserritarren testigantzak jasotzen ditu. Errealitate, herri, adin eta testuinguru ezberdinetako emakumeen ahotsetatik jasotzen du dokumentalak zer den nekazaritza lana, kontsumo ohiturak, ekoizpen ereduak, generoaren araberako lan banaketa, emakume baserritarren eskubideak…