160301 gure plateraGure platera Gure aukera

 

Sukaldaritza kolektiboko 7 enpresek iruzurra egin dute eskola jantokietan. Bada
garaia egungo kudeaketa eredua aldatzeko
Gure seme-alabek 175 egunez urtean erabiltzen dute jantoki zerbitzua. Euskal
Eskola Publikoan 92.000 menu ematen dira egunero.

Kontuak egiten hasita, ohartuko gara urtero 16 milioi menu baino gehiago banatzen direla gure
eskola publikoetan. Menu hauek guztiak sukaldaritza kolektiboko (catering) 7 enpresak
kudeatzen dituzte. Eta hau horrela da 2000. urteko martxoaren 22ko Legeak, Eusko
Legebiltzarrean onartua izan zenak, ezartzen duelako jantokientzat kudeaketa eredu bakarra
onartzen dela: “Kudeaketa Zuzena” deritzona. Hau da, catering enpresek egindako kudeaketa.
Horren eraginez, sukaldeak apurka desagertuz joan dira eskoletatik, eta ondorioz tokian bertan
prestatutako menuak ere hein berdinean desagertu dira.
Kudeaketa ereduaren aldaketa mingarria izan zen eskola-sukalde askotan. Beraien eskolan
eskaintzen zen janariaren gaineko kontrola galdu zuten, printzipioz aldaketa hau egiteko inongo
beharrik ez zegoenean. Egun batetik bestera eskolako jantokiak harremanak hautsi behar izan
zituen harakinarekin, baserritarrekin, azokako saltzaileekin, okinarekin, portuko
arrantzaleekin… Enpresa arduratuko zen erosketak eta prozesu guztia burutzeaz.
Hau horrela, familia askotan galdetzen diogu gure buruari, zer jaten dute gure seme-alabek?
Jantokietan zerbitzua ematen duten enpresek ematen ari diren menuen inguruan informazioa
puntualki bidaltzen diete familiei. Batzuetan, nutrizio balioei buruzko informazioa ere bidaltzen
zaie. Baina ez dira horren gardenak izaten elikagaien jatorriari edota kalitateari buruzko
informazioa eskatzen zaienean.
2013ko urriaren 14an, Lehiarkortasunerako Euskal Agintean salaketa bat aurkeztu zen eskolajantokietan zerbitzua ematen aritu diren 7 enpresen aurka. Gutxienez 12 urtetan zehar prezioak adostu izana leporatzen zitzaien salaketan. 2016ko otsailaren lehenengo astean epaiketaren erresoluzioa ezagutu da, susmoak baieztatuz: 18 milioi euroko isuna jaso dute enpresek, eskola jantokien merkatu erakargarria beraien artean banatzea adostu izanagatik. Isunaren 18 milioi euroak kaltea jasan duten eskola jantokietara bideratzea , bidezkoena dela uste dugu.
Azken 12 urteetan, jantokiak kudeatzeko zerbitzuak 800 milioi euro baino gehiagoko kostua izan du. Kostu hori familiek (%65) eta Eusko Jaurlaritzak (%35) ordaindu dute. Enpresen “kartel”
honek prezioak adostuta zeuzkala kontuan izanda, baieztatzeko moduan gaude iruzur honek
eragin kaltegarriak izan dituela bai familien ekonomian, eta baita diru publikoetan ere. Oso
gertaera larria da hau, kontratazio publiko batez eta gure seme-alaben elikaduraz ari garelako.
Arrazoi hauen eta beste askorengatik, geroz eta gehiago dira eskola-jantokietan beste
kudeaketa eredu bat eskatzen dutenak. Gure haurren elikaduran erabakiak hartzeko aukera
ematen duen eredu bat. Zentro bakoitzaren errealitatera egokitzen den eredu bat. Horretarako,
ezinbestekoa da gaur egun indarrean den eskola-jantokiei buruzko Agindua lausotzea. 2000.
urtetik indarrean dago Agindu hau, bada garaia aldatzeko.
Benetako aukera eta beharra dago menuetan gertuko elikagaiek tokia izan dezaten. Gure
haurrak elikatzeko baserritarren produktuak, arrantzaleen arraina, bertoko artisauen elikagaiak
erabilita tokiko ekonomia indartu eta gure lehen sektorea sustatuko dira.
Guzti honengatik, Gure Platera Gure Aukera Plataformak hau eskatzen du:
*2000. urteko Aginduaren aldaketa, jantokiaren kudeaketa propioa egin nahi duten zentroek horretarako aukera izan dezaten, eta eredu batetik besterako trantsizioa erraztuz.
Horretarako eztabaida gune bat sortzea, Jaurlaritzaren gidaritzapean beharrezkoa ikusten dugu eragile ezberdinen partehartzearekin.