Atzo enpresarekin Mahai Negoziatzailea izan genuen. Beste behin ere, STEILAS sindikatutik, enpresak aurreko eguneko arratsaldean materiala bidali izana salatu nahi dugu, honek dokumentuak lantzeko denbora guztiz murriztu digularik.

Hasteko, hezitzaileen merezimendu-lehiaketaz aritu ginen. Enpresak helarazi zigun proposamenean, eskaintza 344 lanpostura murriztu duela esan beharra dago (372 eskaintzen zituen hasieran, beraz 28 gutxiago). Gu honen kontra agertu ginen irmoki, izan ere, uste dugu hasierako proposamena mantendu behar dutela.

Hau egitearen arrazoia zera da: hainbat hezitzailek finkotasuna judizialki salatu dute eta enpresak horietako 28 langileren sententziak ez ditu errekurritu. Beraz, epaia irmoa denez, langile hauek beraien haurreskoletan finkatuak izango dira. Beste hainbat sententzia oraindik airean daude, eta baliteke, 344 lanpostu horiek gehiago murriztea epai irmoak irteten diren heinean. STEILASek argi utzi dio enpresari 372 lanpostu eskaini behar dituela merezimendu-lehiaketan, eta sententzia bidez finkotasuna lortu duten hezitzaileentzat, lanpostu berriak sortu beharko dituela.

Horretaz gain, hezitzaileen puntuazioen/baremoen atalean ere ekarpenak egin genituen, Haurreskolak Partzuergoko lanak proportzioan gehiago puntuatu zezan. Formazio guztia batera puntuatzea ere eskatu genuen.

Kudeaketa langileen merezimendu-lehiaketari dagokionean, hizkuntzak ez meritatzeaz gain, enpresa barruan kategoria desberdinetako lan esperientziak puntuatzea eskatu genuen, barne sustapen egoeran egondako langileak kaltetuak ez izateko. Hau da, norbait teknikari lanpostu baterako aurkeztu arren, administrari bezala Haurreskoletan lan egin badu, lan esperientzia hau ere puntuatzea eskatu dugu.

Merezimendu-lehiaketen deialdiak hurrengo astean argitaratuko dira Haurreskolak Partzuergoko web gunean, eta EAEko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean, hain zuzen ere.

STEILASek urtarrilaren 11an online hitzaldia emango du deialdia azaltzeko eta sortu daitezkeen zalantzak argitzeko. Honen inguruko informazio gehiago aurrerago emango dugu.

Bileraren bukaeran, mahai parekidean egiteke gelditu ziren gaien inguruan galderak egin genituen:

  • Lehen sorospenak: online egin behar zen saio teorikoa %80a baino gehiago egiteko arazoak izan zituzten hezitzaileei, salbuespen gisa, enpresak saioa berriro egiteko aukera emango die.

  • Haurreskolak Partzuergoak antolatu beharreko formazio ordu kreditua: ostiralean egin genuen proposamena ekintza-plana ordu kreditu horrekin egitea ontzat eman duela baieztatu zigun. Datorren urtean enpresak honen inguruko informazioa luzatuko dugu.

  • Ordezkapenak banatzeko jarraibidea: oraindik gaia aztertzen ari direla esan dute.

  • LALa: ikasturte honetan gauzatuko da.

  • Soldata igoera: 2023an 2’5eko igoera izango dugu eta ahalik eta azkarren egiten saiatuko omen dira.