Hezkuntza Sailak 2023/2024 ikasturterako adinaren arrazoiengatik irakastorduen murrizketari buruzko deialdia argitaratu du gaur 2023ko otsailaren 28an.

Bertan, irakasle funtzionarioentzat soilik eskaintzen da murrizketa eskatzeko aukera. Berretsi nahi dugu hori legez kontrakoa dela. 2021eko azaroaren 5eko sententzia batek erregimen eta eskubide berdinak dituztela dio (gure lan hitzarmenak ere horrela jasotzen du 61.artikuluan). ARARTEKOAk horixe eskatzen zion Sailari 2022-1577-21 ebazpenaren bitartez, eta gogorarazten zion horrela zegoela jasota sindikatuok 2017-18 ikasturtean zehar egindako greba eta mobilizazioen ondorioz 2018ko maiatzaren 14an sinatutako akordioan. Gauzak horrela, Hezkuntza Sailari exijitu genion egun argitaratu den deialdian, legeak agintzen duen bezala, ordezkoentzat ere eskubide hau luza zezan. Aldebakartasunez eta inposaketaz jokatu du ordea oraingoan ere Sailak, baita ordezkoen berezko eskubideen kontra ere.

Bestetik, orduak murrizten dituzten langileek jangela edo administrazio zereginetan jardun beharko dutela zehazten du deialdiak. Horrek, Lanpostu zerrendetan murrizketa handia eragingo du, hau da, jantoki edo AKA lanpostu asko ez dira sortuko. Aldi berean, langile askok ez dute murrizketa eskatuko, zeregin horrek lan zama berri bat suposatuko dielako. Euskal Eskola Publikoren mesederako sailari aspaldi eskatu genion plantilaren gazteberritze plan erreal bat, oraingoa baliabideen optimizazioa baino ez da.

Horregatik guztiagatik, berriro ere exijitzen diogu Hezkuntza Sailari eskubide hau langile guztientzat eskaini dezan, eta jardunaren murrizketa erreala izan dadin. Bitartean, langile ordezkoei eskaera egitera gonbidatzen zaituztegu, zuen eskubideak babestu ditzaketen nahikoa sententzia, ebazpen eta akordio badago eta.