1980an Bilboko Unibertsitatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) bihurtu zen, eta ordutik hona Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate publiko bakarra da. Jakintzaren adar guztiak barne hartzen dituzten zentroak ditu hiru lurralde historikoetan, eta eguneratuz joan da, beti euskal gizartearekin etengabeko elkarrizketan.

UPV/EHUk giza eta lan-prestakuntza eman die milaka gazteri, batez ere izaera publikoa duelako eta aukera-berdintasunaren printzipioa betetzen duelako, unibertsitate pribatuek ez bezala, horiek negozio bihurtu baitute goi-mailako hezkuntzarako eskubidea. Horregatik, ausardiaz esango dugu, urte hauetan, aukera eman duela banakako eta taldeko emantzipazio-prozesuak egiteko, eta horiek eragin onuragarria izan dutela euskal herritar guztiengan. Izan ere, pentsamendu- eta ekintza-espazioak sortu dira hainbat gai lantzeko: klase sozialaren araberako desberdintasunak murrizteko beharra, euskal kultura zaintzea eta euskara zabaltzea, borroka ekologistari buruzko ezagutza sortzea eta, jakina, borroka feministari eta LGTBQ+ kolektiboari buruzkoa ere bai. STEILASeko lagun askok beren ezagutza, denbora eta ilusioa jarri dituzte, aurrerapen horietan eragiteko, gizartea kohesionatzen baitute guztion onurarako.

Sortu zenetik, UPV/EHUk ondoan izan du Jesuiten jabetzako Deustuko Unibertsitate pribatua (UD), eta, 1990eko hamarkadaren amaieratik, Mondragon talde korporatiboaren menpeko Mondragon Unibertsitatea (MU). Lehenengoa, tradizioz, zuzenbidea, enpresa eta gizarte-zientziak lantzen zituen Bilbon, baina gero irakaskuntza-esparrua zabaldu, eta Donostian ere kokatu zen. Bestalde, MU Mondragon Korporazioari –ingeniaritza- eta enpresa-ikasketak, etab.– eta Gipuzkoari lotu-lotu eginda sortu zen, baina gero EAEtik hedatu eta titulazio berriak sartu ditu.

Hasieran liskar batzuk izan ziren UDrekin, betoa jarri baitzuen Bizkaian zuzenbideko ikasketak jartzeko; baina, hori kenduta, hezkuntza-instituzio horien arteko elkarbizitza eta lehia baketsuak izan dira, eta UPV/EHUk nagusitasunari eutsi dio unibertsitate pribatuen aurrean. Beraz, gaur egun, UPV/EHU da nagusi ikerketa-arloko garrantzian –EAEko ekoizpen zientifikoaren % 60 inguru–, irakaskuntzan –ikasleen % 71– eta euskal gizarteari ezagutza eskualdatzeko garaian. Era berean, liderra da kultura- eta politika-arloetan dituen presentziagatik eta eraginagatik, eta pluralismo ideologikoa zaindu eta ezagutza kritikoa sortzen duelako.

Hala ere, badirudi autonomia-erkidego hau aspalditik zuzentzen duten alderdi politikoek –EAJk eta PSEk– ez dutela apustu irmorik egiten UPV/EHUk leku nagusia izan dezan hezkuntza-politiketan. Batez ere mende honen hasieran Euskal Unibertsitate Sistema (SUV) sortu zutenetik, hori unibertsitateko irakaskuntza pixkanaka pribatizatzeko proiektu baten adierazpen garbia baita. Unibertsitate aurreko irakaskuntzari eta haren Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoari buruzko Hezkuntza Itunarekin gertatzen den bezala, SUVek, alderdi askotan, parekatu egiten ditu unibertsitate pribatuak publikoarekin, eta programa-kontratuak lehenesten ditu finantzatzeko modu gisa. Neoliberalismo hutsa, arlo publikoa ahultzen baitu eta sektore pribatuari aukera ematen baitio bere negozioa hedatzeko eta funts publikoak doan lortzeko, lehen erabat edo hein batean debekatuta zituen hainbat esparrutan: hezkuntzan, osasunean, eta uraren, gasaren, elektrizitatearen eta telefoniaren horniduran.

Harritzekoa da 2023-2026 Unibertsitate Planak hizpide izatea “euskal ekosistema bikaina eta berritzailea, nazioartean kokatua eta gizartean duen eraginagatik aitortua”. STEILASen beti defendatuko dugu ez dagoela bikaintasunik ekitaterik gabe, alegia, guztion hezkuntzarako eskubidea ziurtatu gabe, jatorri ekonomiko eta kulturala edozein dela ere. Ongizate-estatua sendotzen laguntzen duen helburu hori betetzeko, ezinbestekoa da unibertsitate publikoak behar adina finantziazioa izatea, sendoa eta egonkorra.

2008ko krisitik eta ondorengo murrizketak egin zirenetik, Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri egin dion ekarpenak garrantzia galdu du aurrekontuetan, eta gaur egun EAEko BPGaren % 0,4 baizik ez da. Gogora dezagun onartu berri den Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) konpromisoa hartzen duela unibertsitate publikoei gutxienez BPGaren % 1 bideratzeko 2030. urterako. Eta, aldi berean, finantziazio pribatua handitzeko eskatzen zaio; funtsean, horrek dakar enpresa multinazionalen zerbitzura gero eta gehiago jartzea eta matrikulak igotzea, behe-klaseek goi-mailako irakaskuntzarako duten sarbidea murriztuz. Jakina, publikoan baino 6 eta 15 aldiz gehiago ordaintzeko dirua duenak –urtean 1.000 €-ko matrikula erreferentziatzat hartuta – pribatua aukera dezake: bereizketa ekonomiko argi eta garbia.

Ikus ditzagun oraintsuko adibide batzuk, politika instituzionalek goi-mailako irakaskuntza nola pribatizatzen duten erakusteko. Bilbon, Zorrotzaurreko “Ezagutzaren eta Talentuaren Uhartea” izeneko proiektua ekimen pribatuan oinarrituta dago ia osorik, baina baliabide publiko garrantzitsu batzuk –lurrak, eraikinak, finantziazioa– esku pribatuen esku utzi dira. Bilbo Unibertsitate Hiriaren proiektu horiek unibertsitate pribatuen inguruan ari dira eratzen: Digipen, Kunsthal, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea, udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bien bitartean, UPV/EHUn, atzeratu da Basurtuko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultate berria, ezinbesteko azpiegitura izan arren osasun-arloko langileak prestatzen jarraitzeko, urte luzez numerus claususekin mugatu ondoren langile gutxi baitago. Bestalde, badirudi ez dela mamitzen UPV/EHUk “Ezagutzaren eta Talentuaren Uhartean” aginduta zuen polo ekonomiko-juridikoa.

Gasteizen, ikasturte honetan hasi da abian EUNEIZ, European University of Gasteiz, irabazi asmoko unibertsitate pribatua. Teknologia berrietan, kirolean eta osasunean espezializatuta dago, eta gradu gutxi batzuen aldeko apustua egiten du –araudiak eskatzen dituen gutxienekoak–, masterretan oinarritzeko, errentagarriagoak baitira eta hori baita joera orokorra unibertsitate pribatuetan. Eusko Jaurlaritzak 2021ean onartu zuen hura sortzea, baina ez dator bat Euskal Unibertsitate Sistema arautzen duen legedian ezarritako irizpideekin: hein handi batean, errepikatzen du gure erkidegoan dugun graduko irakaskuntzen eskaintza hori egiteko eskaera argirik egon gabe, ez dakigu nola osatuko den klaustroa, ez eta LOSUk eskatzen duen gutxieneko irakasle eta ikertzaile doktoreak dituen ere. Era berean, ez dago jakiterik zein baldintzatan kontratatuko dituzten langileak eta zabalik uzten du atea unibertsitateko enplegua prekarizatzeko; gainera, ez du zehazten zer tratamendu emango dion euskarari ikasketetan eta, beraz, atzerapausoa da unibertsitatea euskalduntzeko prozesuan.
Donostian, bizi-bizi dago oraindik Zurriola ondoko Basque Culinary Center-aren (BCC) eraikin berriak sortutako polemika. Izan ere, Udalak doan lagatako lursail batean eraikiko da, Mondragon Unibertsitateak 2 milioi euro, Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euro eta Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro emanda. Horra hor lankidetza publiko-pribatuaren adibide bikaina: diru publikoa onura pribaturako. Gainera, baliabideak dituen gutxiengo bati zuzenduta dago, matrikulak 9.800 € balio baititu urtean, eta turistifikazioa sustatuko du dagoeneko gainezka eginda dagoen eremu batean.

Era askotako krisiak, prekarietatea eta goraka doan pobrezia ditugun garai hauetan, apustu irmoa egin beharko genuke arlo publikoaren alde, nola osasunean eta mendekotasunean, hala hezkuntzan. Alabaina, horren ordez, eta ongizate-estatuaren beste zutabeekin gertatu bezala, EAEko instituzio publiko nagusiek batera egindako jarduerak irakaskuntzaren pribatizazioa bultzatzen du, baita unibertsitatearena ere. Beraz, ez dugu beste aukerarik, defenda dezagun irakaskuntza publikoa, baita unibertsitatean ere.