az27-28azkenaSTEE-EILAS sindikatuak bere ezadostasuna adierazi nahi du LOMCEri buruz hilaren 27an Legebiltzarrean egin zen pleno monografikoaren emaitzaren aurrean. Onartutako ebazpenak ez datoz bat euskal gizarteak eta hezkuntza eragile gehienek aldarrikatzen dutenarekin, aipaturiko legea gure ikastetxeetan ez ezartzea, alegia.

Oker ez bagaude, planteatzen den zuzenbide-helegiteak ez du aurrera egingo; beraz, bistan da Eusko Jaurlaritzak amore eman, legea aplikatu eta itxarongo diola Madrileko balizko indar korrelazio aldaketak ekar dezakeen legearen indargabetzeari.

Plenoan zehar, nabaria izan zen ere partidu gehienak LOMCEren aurkako jarrera politiko arbuiagarri orokorrean eroso dauden arren, ñabardurak ñabardura, bere egiten dutela legearen hainbat planteamendu, STEE-EILASen ustez onartezinak direnak. Esate baterako, irakaskuntza pribatuaren statusaren hobekuntza, erlijioaren irakaskuntzarekiko pribilegioak edo sexuaren arabera baztertzen duten ikastetxeen finantziaketa.

Hezkuntza Sailburuaren jarrera txepelak eta Hezkuntza Sailak LOMCEri aurre egiteko duen erantzun eskasak zapuztu dute urriaren 12ko manifestazioaren deialdiaren hezkuntza eragileek Hezkuntza Sailarekin batera egindako lanean jarri duten konfiantza. Ez da bidezkoa eragileekin izandako elkarlanak Legebiltzarrean aukera faltsuak sortzeko edo ezintasunaren bat estaltzeko erabili izana.

Gaur, hilak 28 burutu da beste zentzugabekeria bat eta Madrileko Kongresuak UPN eta PPren botuei esker LOMCE berretsi du. Hainbatetan gertatu den bezala, euskal gizartearen errealitatetik urruti dagoen gehiengo politikoak bere egitasmo ideologikoak inposatu nahi dizkigu bidegabeko lege honen bidez. Beste murrizketa bat gure eskubideei, kasu honetan hezkuntza eskubideari, gure hezkuntza eredua eraikitzeko borondatea mugatzen duena, hain zuzen ere. Gainera, beste arrazoi asko dago LOMCE-ri ezetz esateko:

– Okerreko diagnostikotik abiatuta, gure hezkuntza errealitaterako arrotza delako

– Inolako kontsensurik egina, eskolari bizkarra emanez sortu dutelako

– Bere zama ideologiko atzerakoiagatik, erlijio katolikoari eta lan merkatuari begira egina dagoelako

– Kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapuzten duelako

– Irakaskuntza pribatuaren mesedetan, irakaskuntza publikoa gutxitzen duelako.

– Ikastetxeetan jerarkizazioa bultzatu eta kudeaketa demokratikoa oztopatu egiten du.

STEE-EILAS-ek lanean jarraituko du beste eragileekin batera, kontrarreforma honen proposamen zehatzak ikastetxeetan desaktibatzen dituzten formulak bilatzeko orduan. Aldi berean, Euskal Herriko erakundeei konpromiso zehatzagoak eskatzen jarraituko dugu ildo beretik.

Gasteiz, 2013ko azaroaren 28an