EPPKren BITARTEKARIEN ATXILOKETAK: zaharrak berri
STEE-EILASek errefusatzen du atzo bake negoziazio prozesurako euskal presoen kanpoko interlokuzia osatzen zuten abokatuen kontra egindako operazioa, zeinean 8 bat lagun atxilotu zituen guardia zibilak. Ekimen hau azken urteetan izandako beste asko bezalakoa da, eta, beste kasuetan bezala, amorrua eta oinazea baino ez dute bilatzen.
Gainera, ezin da ahaztu operazio hau gauzatu dela euskal gizartea presoen eskubideen aldeko mobilizazio erraldoia prestatzen ari denean, eta preso daudenek eta izan direnek bide politikoak erabiltzearekin konpromiso argia adierazi berri dutenean. Izan ere, batzuk ez omen dute ulertu nahi egoera aldatu dela eta bakea eta normalizazio politikoa bihurtu dela gehiengoaren ametsa; konponbiderantz urratsak eman beharrean, prest daude oztopo gehiago jartzeko.
Atzoko sarekadaren atzean Euskal Herrian abian dagoen prozesua zapuzteaz gain bestelako gaiak ezkutatzeko saiakera ere sumatzen dugu: Catalunyako prozesua, ustelkeria kasuak agerian izatea, biztanle gehienen bizi baldintzak okertzea… Hainbat arazo konpondu ezin duenean, Madrilgo gobernuak aspaldiko “terrorismoaren aurkako” euskarriari eutsi nahi dio, garai berrietan gaudela onartu gabe.
STEE-EILASek uste du hau ez dela bidea, atzoko atxilotuak kaleratu behar dituztela eta bultzada politikoa duten ekimen hauek bertan behera gelditu behar direla betiko. Halaber, Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu ez dezan gehiago onartu Ertzaintza Guardia Zibilaren atal subsidiario moduan erabiltzerik.
Aldi berean, pertsona guztien eskubide guztiak errespeta daitezen exijitzen dugu eta elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak finkatzeko egiten ari diren esfortzuak txalotuz, bide horren alde bere indarrak jartzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.
Sindikatu honek, beraz, bat egiten du gaur arratsalderako eta biharko leku ezberdinetan egin ari diren mobilizazio deiekin, eta nabarmendu nahi du Urriaren 11ko ekitaldiek izango duten garrantzia.
Gure salaketarekin batera, elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuei.
2014ko urtarrilaren 9an
Leave A Comment