M3 oktabilla
Eskuorria
Troika eta bere konplizeak GO HOME, probeziaren errudunak
Prekarietatea, pobrezia, ahulezia, zalantza, eskubide murriztuak, eskubide ukatuak, zorra, pribatizazioak, langabezia, aldi baterako enplegua, behartutako migrazioak. Ezinbesteko osagai ditugu sistema ekonomiko bidegabe eta anker honetan, zeinen oinarria esplotazioa eta aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa baita. Ezinbesteko osagai ditugu gizarte-sistema honetan, non desberdintasun soziala gero eta handiagoa den, gero eta pertsona gehiagorentzat. Esplotazioa eta desberdintasuna, gainera, emakumeen kaltetan hedatzen dira.
Sistema ekonomiko eta jendarte-sistema honek errudunak ditu, eta Bilboko Guggenheim Museoan egongo dira datozen astelehen-astearteetan, martxoak 3 eta 4. Ideologoak –Nazioarteko Diru Funtsa, OCDE–, onuradunak —enpresa handiak, BBVA, Iberdrola, Telefónica— eta beharrezko konplizeak —Eurotaldea, Europar Batasuna, Gobernu zentrala, Eusko Jaurlaritza—. Eta hori guztiori, Bilboko Udalaren onespenez.
Ez dira ongi etorriak, eta argi utziko diegu. Hori dela-eta, prentsaurreko honetarako deialdia egin dugun 50etik gora eragile sozial eta sindikalek dei egiten diegu euskal herritarrei mobiliza daitezen eta martxoaren 3 osorako antolatutako ekintzetan parte har dezaten.
Hasteko, manifestaldi nazionala egingo da Bilbon, 10:00etan. Bi zutabe izango ditu, eta aldi berean irtengo dira Jesusen Bihotza plazatik eta Arriagako plazatik. Moyua plazan bat egingo dute, eta handik Guggenheim museoaren inguruetara zuzenduko da
16:00etan, hainbat hitzaldi emango dira EHUko Paraninfoan. Hiru hizlariek honako gai hauek izango dituzte mintzagai: batetik, erakunde horiek politika antisozialetan duten erantzukizuna eta herritarrengan dituzten efektuak eta, bestetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.
Horretarako, gure artean izango ditugu Yayo Herrero, globalizazioan eta desazkundean aditua; Mertxe Larrañaga, nazioarteko ekonomian aditua; eta Iñaki Moreno, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Talde Sustatzaileko kidea.
19:00etan, manifestaldia egingo dugu Euskadi plazatik Arriagako Plazara, jakin dezaten herritarrok sistema ekonomiko eta sozial horretako eliteei bizkarra ematen diegula, eredu propioaren alde egiten dugula eta premiazko neurri zehatzak exijitzen ditugula.
Pobreziara, prekarietatera, langabeziara, desberdintasunera kondenatzen gaituzten politika antisozialak salatzeko kanpaina baten baitan kokatzen dira ekitaldiok. Kanpaina otsailean hasi zen, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin ziren hainbat mobilizazioekin, eta aurrera jarraituko du datorren hilean.
Izan ere, martxoaren 10etik 20ra bitartean, duintasunaren aldeko martxek Euskal Herriko eskualdeak zeharkatuko dituzte. Marchas por la Dignidad ekimenaren baitan sartzen dira eskualdeetako martxa hauek, eta martxoaren 22an Madrilen egingo den manifestazio jendetsuarekin bat egingo dute. Laster, informazio gehiago emango da martxei buruz, prentsa-ohar baten bidez.
Herritarrok pobreziara eta bazterkeriara kondenatu nahi gaituzte. Etorriko direnak eta haien konplizeak dira pobreziaren errudunak.
Euskal Herriak ez ditu nahi: herria eta demokrazia zapaltzen dituzte, injustizia eta kapitalaren aginduak inposatzeko.
[…] INFORMAZIO GEHIAGO […]