Sei hilabetetik gora luzatu da Madrilen berrogei pertsonaren kontra izandako auzia; hauetako asko Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko eta Batasunako kide izan ziren, edota Euskal Herritarrok koalizioko buru.
Hilabete hauetan jende, eragile eta erakunde ugarik egin ditu auzibide honen aurkako adierazpenak, baita enpresa-batzorde askok ere. Espero zen moduan, ez da inolako egintza konkreturik zehaztu frogatze aldera auziperatuek ETArekin lotura izan edota harekin kolaboratu zutenik. Joera ideologiko desberdineko hainbat legelari ospetsuren esanetan “inguruaren teoria” delakoa erabiltzen da esparru ideologiko edo kultural bat inkulpatzeko eta auzitara eramateko; haatik, kontzeptu hori guztiz lausoa eta arbitrarioa da.
Prozesua hasi aurretik gertatu ziren irregulartasunez gainera (beharrezko ez ziren atxiloketak, inkomunikazioak, espetxeratzeak, fidantza izugarriak, kontu korronte blokeatuak, Estatuko lurraldetik ateratzeko eragozpenak, aldika sinatu beharra, txosten alderdikoiak…) aipatu behar da epaiketan egin diren frogak polizien testigantza beste oinarririk ez dutela izan, eta halako praktikarik Europa guztian ez da ezagutzen.
Beraz, kargu-froga gisa agertu dira delitu ez ziren egintzak, baita hala aitortu ere; pertsonen eta erakundeen helburu politikoak juzkatzen dira, ez erabiltzen dituzten bitartekoak; jardun politikoa epaitzen da, ez zigorgarriak liratekeen egintzak.
Epaiketa hau ez da auziperatze arbitrarioa pairatu duten pertsonen aurkako eraso hutsa; izan ere, euskal jendarte guztiari ere erasaten dio, honek egoera benetan demokratiko eta librera iritsi nahi duenean, non ez den jazarpen eta auzibide politikorik gertatuko.
Horregatik, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE EILAS organizazioek eskatzen dute prozedura baliorik gabe gera dadila, akusatuei absoluzioa eman diezaietela edota artxiba dadila, auziperatu guztiak aske gera daitezen.
Halaber, honakoa exijitzen dugu:
• Epaiketa politiko gehiagorik ez dadila izan
• Auzibide judizialetan bazter dadila etsaiaren zuzenbide penala aplikatzeko praktika
• Baldintzarik gabe errespeta daitezela aniztasun politikoa eta oinarrizko eskubideak, hala nola elkartzekoa, askatasun ideologikoa eta adierazpen askatasuna
• Bizikidetza demokratikorako oinarri sendoak ezar daitezela
Hau guztia posible izan dadin jendarte mobilizatu baten borondate irmoa beharrezkoa izango da aurrerantzean ere, jokabide antidemokratiko guztiak arbuiatze aldera, eta bake eta konponbide egoerara iritsi arte.
Leave A Comment