POBRETZE POLITIKARIK EZ,
EUSKAL HERRIA DUINTASUNAREN ALDE MARTXAN
Han eta hemen, enbata neoliberalaren haize-bolada bortitzek jotzen gaituzte etengabe: eskubide sozialak ezabatu, prekarietatea eta desberdintasuna jasanezinezko mailetara igo, langileen zapalkuntza areagotu, herriei subiranotasuna eta demokrazia ukatu, gosetetik eta kolonialismo ekonomikotik ihes egiten dutenentzako heriotza, pertsonen bizitzaren balioa deuseztatu, naturaren baliabideak ahitu, orden patriarkala emakumeen aurka are gehiago oldartu…
Euskal Herrian ere pairatzen ditugu enbata horren eraginak. Kapitalak lasai-lasai ibili nahi du, gizartearen gehiengoaren pobretzearen kontura. Estatuko gobernuek eta Hego Euskal Herriko erakundeek berebiziko Troika bat osatu dute, funtsezko eskubideetatik gabetzen gaituena.
Duen helburua Europako Batasunaren jarraibide neoliberalak aplikatzea da, finantza-boterearen mesedetan eta ongizate kolektiboaren kaltetan. Horretarako, honelako politikak erabiltzen dituzte: kalitatezko enplegua suntsitu, lan-baldintza laidogarriak onarrarazteko xantaiak etengabe egin, soldatari eraso, bizimodu-baldintzak lorrindu, gazteei itxaropenik gabeko zapalkuntza-etorkizuna eskaini, zerbitzu publikoak pribatizatu, zerga-politika atzerakoia eraman, diru publikoa bankari etengabe eskualdatu, zilegitasunik gabeko zor publikoa ugaldu (bankari emandako diruagatik, gastu militarragatik, ingurumena zapuzten duten eta gizarte-onurarik ez dakarten azpiegitura erraldoiak eraikitzeagatik)… Egoera, aipatu den bezalakoa izanda, ez da onargarria sindikatu batzuk elkarrizketa sozialaren alde agertzea. Aspalditik hori ez da besterik estaldura eta bake soziala ematea baino, gorago aipaturiko erasoak diren larriak direla.
Hala ere, suntsipen- eta bipiltze-bolada horiek topo egin dute gure erresistentzia eta borrokarekin. Langabeziaz, prekarietateaz eta lazeriaz eraso egiten diguten gobernuen aurrean, justizia sozialaren bila dabiltzan herriei hitza eta erabakia ukatzen dieten estatuen aurrean, Euskal Herriak ere bere ahotsa entzunarazi du. Krisiaren aurretik eta ondotik. 2008az geroztik 6 greba orokor, etengabeko mobilizazioa zerbitzu publikoen alde eta lan-harremanetarako eta gizarte-babeserako esparru baten alde, pobreziaren eta prekarietatearen aurkako berehalako neurrien alde, laneko eta pentsioen erreformaren aurka, pribatizazioen eta aurrekontu-murrizketen aurka, troikaren eta munduko kapitalismoko ordezkarien kontra…
Eta, horrekin batera, aldaketa sakona eta benetakoa ekartzeko alternatiba bat eraikitzen ari gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren inguruan. Alternatiba horrek gobernuak behartuko ditu jardunbide-lehentasunak aldatzera, eta pertsonak merkatuen gainean jartzera. Aldaketa demokratikoaren alternatiba bat, gehiengoaren aldeko politikak erabakitzeko. Protagonistak aldatzeko alternatiba bat: subiranotasuna eta erabaki-ahalmena gure herriko herritar askeengan etzan behar da, eta ez kapitalaren menpe dauden egitura politiko eta ekonomikoetan.
Euskal Herrian, otsailean eta martxoan, hainbat erakundek kanpaina bati ekin diote, pobretzera eta prekarietatera bultzatzen gaituztenak salatzeko, eta gure bidea egiteko beharrizana aldarrikatzeko. Bi astetan zenbait martxa burutu dugu Euskal Herri osoan zehar, eta martxoaren 22an Madrilera joango gara, herri guztien eta pertsona guztien duintasunaren aldeko gure mezua eta ekarpena eramatera. Egun horretan Euskal Herriko zutabeak honako aldarri hauek zabalduko ditu:
-
Troikak erabakitako politiketan laguntzen duten gobernuei uko egitea. Uko egiten diegu gure etsaiei: botere ekonomikoari, botere finantzarioari, botere mediatikoari eta botere politikoari. Gu zapaltzen eta erantzun soziala isilarazten ahalegintzen baitira.
-
Bat egiten dugu enplegu duina eskatzen dutenekin, eta baita lana eta aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak, bizimodu-baldintzak eta babes sozial duina, pertsonen eta herrien arteko elkartasuna, eskubide-berdintasuna, ekoizpen eta kontsumoko modu berriak bilatzen eta eskatzen dutenekin ere.
-
Herriek, estatua izan edo ez izan, beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
-
Borrokan jarraitzeko borondatea adierazten dugu, harik eta Euskal Herrian bizitza, pertsonak eta ekonomia merkatuen aurretik jarri arte, eta gure Herrian bizi eta lan egiten dutenen oinarrizko gizarte-eskubideak bermatu arte.
EUSKAL HERRIKO ZUTABEA Bilbon, 2014.eko Martxoaren 20an
Nos gustaria saber el horario de ida y vuelta para el 22M del bus q organizais desde donosti.
Eskerrik asko
Gustatuko litzaiguke jakitea ze ordutegia daukan antolatzen duzuen busak madrilera M22an Donostiatik.
eskerrik asko
943466000
Egunon, deitu donostiako egoitzara, antolaketan ari baikara. Ongi izan