PAI: eta orain, zer?

Ingelesa irakasteko programen diseinu, bilakaera eta ebaluazioa egitearen ardura dutenen dimisioa kezkagarria da. Jakin ez dakigu zein diren Atalburuak eta Zerbitzuburuak izan dituzten arrazoiak, azken honek arrazoi pertsonalak argudiatu baditu ere; baina azalpen hau, zoritxarrez, ohikoa izaten da defendatu beharreko helburuekin edota jokatzeko erarekin ados  ez dauden pertsonen kasuetan. Beste behin ere Hezkuntza Kontseilaria desagerturik dago, eta Gobernuaren bozeramalearen ardurapean utzi du dimisioen gaineko azalpenak ematea. Ezin okerrago egin du: dimisioez baino, erreleboez mintzatu da. Azalpen hau baliagarria izan daiteke bere taldekideendako, baina hain gai serioa ez balitz, hiritarron analisirako maila ezbaian  jartzen duela pentsa genezake. Erreleboaren azalpenak ez digu balio, eta are gutxiago arrazoi pertsonalek. Ezin da modu friboloz hitz egin kontuan hartzen badugu Departamentuaren programa estrategikoa martxan jartzearen ardura duten pertsonek – ia denek – dimisioa  aurkeztu duten honetan, PAI Nafarroako 90 ikastetxetara hedatu den honetan, eta hezkuntza komunitateko ia eragile guztiok kontrako jarrera irmoa erakutsi dugunean, erabilitako modu edota helburuengatik. Kontrako jarreraren adibide eredugarria Uhartekoa dugu, non   Departamentuak atzera egin egin behar izan duen bere hasierako asmoetan, familiak eta  ikastetxeak erakutsitako kemen eta argudioen ondorioz.

Nafarroako Gobernuak atzerriko hizkuntzetan gaitasuna erdiesteko hartutako bidea ikusita, STEE-EILASek behin eta berriro agertu du bere kezka, adituen iritziak kontuan hartu gabe egin baita, planifikazio seriorik gabe, baliabiderik gabe, ebaluaziorik gabe, eta bitartekorik gabe. 2012-2013 ikasturtean PAI ikastetxeen egoera jasotzen zuen txostena prestatu genuen, eta irakasleek atzemandako argi-ilunak jaso genituen, azkarregi eta planifikaziorik gabe egiteagatik
irakasleen lan baldintzetan izanen zituen ondorioak, eta hizkuntzen irakaskuntzarako hainbat proposamen eta estrategia bildu genituen. Txostena iaz osatu genuen eta hainbat hezkuntza  eragileri ez ezik ( sindikatu eta familia elkarteei), komunikabideetan ere aurkeztu genuen. Talde  parlamentariekin bilerak burutu genituen eta moratoria bideratzeko eskatu genien, harik eta  ebaluazio zehatz eta behar bezalako planifikazioa burutu arte. Hainbatek interesa agerturik ere,  ez-ikusiarena izan zen erantzun nagusia.

Maila judizialean, epai batek STEE-EILAS sindikatuari arrazoia eman zion 2009-2010 ikasturteko Lehen Hezkuntzako esleipenak bertan bera utziz. Momentu honetan adierazgarria da epai hau,  gure sindikatuak urte luzetan erabilitako hainbat argudiorekin bat egiten duelakoz, hau da, ingelesaren ezaguerak baino, espezialitateak duela garrantzi handiagoa, eta bestelako bideak  jorratu beharko direla helburuari heltzeko pedagogian eta lan baldintzetan galerarik sortu gabe. Departamentuak eginiko planteamenduan ez dira kontuan hartzen ikasten zailtasunak dituzten ikasleak, ikasturtea hasita eskolaratzen direnak, errepikatzaileak. Hauek ez dute bestelako  ikastetxerik aurkitzen euren zonaldean. Era berean, Madrilgo Erkidegoan FEDEAk eginiko  txostenean agertzen diren PAIren alde ilunak ere ez dituzte ikusi nahi izan. Egoerak okerrera egin ez dezan, eta sindikatu guztiok elkarrekin aritzeko saiakera eginda, STEE-EILAS, LAB eta APS  sindikatuok PAI arautzen duen 37/2014 Foru Aginduaren aurkako helegitea aurkeztu dugu, Nafarroako hezkuntza kalitateari eta irakasleen lan baldintzei egiten ahal dizkien kalteak ekidin nahian.

Hezkuntzako gainontzeko sindikatuek PAIren ezarpena gelditzeko orain publikoki moratoria eskatu izanak pozten gaitu. Zoritxarrez, Iribas jaunak muzin eginen dio eskaera honi, bere  horretan segituko du eta egindako kritikak ez ditu ezta aztertuko ere. Kontseilariaren beraren  azalpena behar dugu Mahai Sektorialean, orain arte bilera hauetan behin ere parte-hartu ez  badu ere. Programa izarraren bilakaera eta kudeaketa egitearen ardura izan duten pertsonen  dimisioaren egiazko arrazoiak azaldu behar dizkigu. Jakin nahi dugu, suposatzen dugun bezala,  ea ez dagoen -leialtasun politikotik haratago- prest dagoen teknikari gairik programa modu  horretan garatzeko, hots, dialogorik gabe, baliabiderik gabe, planifikazio egokirik gabe, gauzak  ongi egiten ari direla frogatzen duen ebaluazio fidagarririk gabe, hezkuntza komunitatearen sostengu minimorik gabe. Iribasi garbi esan nahi diogu hitz hutsalak baztertzeko PAIren onurak saltzeko. Badira bestelako bideak ikasleek ingeles maila egokia lor dezaten. Irakaskuntza  birbideratzearen garaian gaude, ez soilik Nafarroako berezko hizkuntzena, bai eta atzerriko  hizkuntzena ere.

2014ko abuztua.