STEE-EILASek erabat errefusatzen du, aurrekontuan jasotako dirua amaitu eta gero, Eusko Jaurlaritzak lana eta familia uztartzeko diru laguntza gehiagorik ez emateko erabakia. Erabaki hau Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikaren beste ondorio larria da, aintzat hartzen badugu azken aurrekontuan partida hau % 42 gutxitu izan dela. Aldi berean, tamalgarria iruditzen zaigu 2014ko lehen hiruhilekoan bideraturiko laguntzen %37a kobratu gabe egotea.
Erabaki horrek ondorio zuzena du diru-lana eta familia uztartzeko diru laguntza eskatu duten milaka pertsonentzat, beren eskubidea urratu delako eta euren lana eta bizitza kontziliatzeko asmoak zapuztu dituelako. Hezkuntzako langile askok lanaldi murrizketa eskatuta dauka ikasturte honetarako eta jaurlaritzaren erabakiak goitik behera aldatzen ditu bere bizitza baldintzak. Inplikatutako gehienak emakumeak izanik, Jaurlaritzak berdintasunari ematen dion garrantzia adierazten du modu horretan.
Ildo horretan, trufa hutsa deritzogu datorren urtean laguntza eman ahal izateko eskariak jasotzen jarraitzeari, orain gertatutako errepika daitekeelako. Nor fidatuko da euren konpromisoa betetzen ez duen gobernuarekin.
STEE-EILASek exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari pertsona hauen eskubidea berma dezan eskari guztiak betezeko aparteko diru-partida onartuz. Halaber dei egiten diogu pertsonen ongizaterako beharrizanak betetzea bere politikaren erdigunea izan dadin, eta horiek bermatzeko aurrekontu duinak onar ditzan.
2014ko Irailaren 3an
STEE-EILASen Batzorde Iraunkorra
Leave A Comment