Murietako eskolaren itxiera prentsa oharra

MURIETAKO ESKOLA ITXI EZ

STEE-EILAS sindikatuak prentsa-ohar honen bidez bere elkartasun osoa adierazi nahi die Murietako eskola publikoko familia eta irakasleei, heldu den astean herriko eskola itxiko duten arriskua baitago.

Jakin badakigu landa eremuko eskola txiki baten iraupena bultzatzeko hainbat faktore hartu behar direla kontuan, hala nola, herrian eskola bera mantentzearen onurak, ikasle kopurua eta etorkizun hurbilean jarraipena ziurtatzeko gutxieneko matrikula.

Murietako eskolan jardun osoan edo partzialean ari diren irakasleen kontratuak bertan behera uztearen kontrako jarrera irmoa dugu, bai eta eskolako haurrak Lizarrara bidaltzeko asmoaren kontra ere.

Nafarroako Gobernuak eskola itxi nahi du ikasturtea hasi zenetik bi hilabete pasatu direnean, eta hau gauzatu nahi du irtenbide antipedagogikoa dela kontuan hartu gabe; etikarik gabeko erabakia litzateke, matrikulaturik dauden ikasleen eskubideak urratuko bailituzke. Eskola-porrota izateko arriskua areagotuko litzateke Lizarrako eskola publikoan PAI programa baitute. Honetaz gain, behar eta merezi ez duten gainestresa jasango lukete, talde txikian lan egitetik eskola handi batera pasako bailirateke.

Ezkutuko asmoa izan daitekeen susmoa dugu, hau da, ez ote duen Departamentuak eskola txiki hau itxi nahi datorren urtean D ereduko lerro bat ireki ez dadin, baldin eta aurreikusi bezala Euskararen Legea aldatzen bada.

Hezkuntza Departamentuari dei egiten diogu hausnarketa egin dezan, eta ikasleen, familien eta irakasleen egoera kontuan har dezan; berehalako itxiera gauza ez dadila – Udalak eskatu bezala- eta Sortzenek eta Herrikoak agerturiko kontrako jarrerari kasu egiteko, hau da, Murietako eskola ez ixteko, itxiera hau – beste hainbatetan gertatu den bezala – behin betikoa izan bailiteke.

Iruñea 2014ko azaroaren 6an.