141112 kutxabankKutxabank Euskal Kutxen bankarizazio eta pribatizazio prozesua egundoko iruzurra da, EAJk, PPk eta PSEek erabaki eta antolatua; hau aurrera ateratzeko gezurra, engainua, datuen eta errealitatearen faltsutzea erabili dira, Aurrezki Kutxetan jasota dauden aurrezkien harrapaketa sinesgarri egite aldera.

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak gaur Bilbon plazaratutako agiria agiria:

EAJk, PPk, PSEk eta CCOOek urriaren 24an Kutxa banku-fundazio bihurtzearen aldeko botoa eman zuten; horrela burutu zen Euskal Kutxak banku-fundazio bihurtzeko prozesua. Une horretatik aurrera, Kutxabanken eta fundazioen etorkizuna 60 pertsonaren esku geratu da, eta inolako kontrol aukerarik ez dute izango kutxen sortzaile izandako erakundeek, Kutxen batzarrek, ezta bezero eta langileek ere. Bost dozena horiek izendatuko dituzte, gainera, beren ondorengoak, eta Kutxabankeko akzioak noiz eta nola salduko diren.

Kutxabank Euskal Kutxen bankarizazio eta pribatizazio prozesua egundoko iruzurra da, EAJk, PPk eta PSEek erabaki eta antolatua; hau aurrera ateratzeko gezurra, engainua, datuen eta errealitatearen faltsutzea erabili dira, Aurrezki Kutxetan jasota dauden aurrezkien harrapaketa sinesgarri egite aldera.

Honelako harrapaketaren helburua kapital pribatuak Kutxabanken akzio gehienak eskuratzea da. Hau gertatuz gero, euskal aurrezkietan metatutako 40.000tik gora milioi akziodun espekulatzaileen interesen arabera kudeatuko dira. Bide hau leuntzeko kontrol publiko eta soziala ebatsi dute, Kutxabanken inguruko erabakiei, inbertsio politikari eta euskal sare ekonomiko eta sozialean txertatzeko ereduari buruz.

Behin eta berriz salatu izan dugu harrapaketa hau hemen antolatu dela, bertoko alderdien eta Kutxabankeko oraingo arduradunen aldetik. Eurek negoziatu eta adostu dituzte koartada gisa erabiltzen dituzten legeak, baita prozesua atzera ezineko errealitate bihurtzeko neurriak ere; Bildurekin itxitako akordioa medio banku bat sortzea erabaki zuten, erakunde sortzaileen jabegoa merkatuan saldu eta erosi zitezkeen akzio bihurtzearren. Eurek erosi zuten Banco de Madrid, eta milaka milioi euro xahutu dituzte Elizaren Caja Sur kutxan, “espainiar banku handi bat” eraikitzeko asmoz; zabaltzeko politikari ekin eta higiezinen espekulazioan belarrietaraino murgildu dira; 340 milioiko balioa zuten bankuaren aktiboak oparitu egin dituzte, 5 milioiren truke baino ez, eta enpresa estrategikoetako akzioak saldu dituzte; bankuak etekinak honela lortzen ditu: aurrezteko ahalmen txikiena duten bezeroek ordaintzen dituzten komisioen bitartez, langileei soldata jaitsiaz eta milatik gora lanpostu amortizatuaz; etxe-gabetzeetan txapeldunak dira, eta gizarte-ekintza likidatzen ari dira.

Prozesu guztian aipatutako alderdiak eta Kutxabankeko kudeatzaileak euskal herritarrei ziria sartzen ahalegindu dira.

Kutxabank sortzeko erabakia inposatu zutenean esan zuten euskal kutxen ahalmen finantzarioa hobetu nahi zutela, gure lurraldeko enpresa estrategikoetako inbertsioa ahalbidetu eta erabakitzeko ahalmena berton mantentzea, akzioak kapital pribatuaren esku jarri gabe.

Aurrezki Kutxak banku-fundazio bilakatu direnean esan dute erakunde horien izaera sozial eta publikoa mantendu egingo zela, gizarte-ekintza bermatuta zegoela eta akzioen jabegoari eutsi egingo zitzaiola.

Proposamen alternatiboak plazaratu ditugunean, edota Gipuzkoako Foru-Aldundiak (GFA) proposatu duenean Kutxen benetako jabegoa herri-erakunde sortzaileei akzioen bidez itzultzea, erantzun ere ez dute egin.

Ez dira gauza izan arrazoi politiko, sozial edo ekonomiko bat bera ere emateko, azaltze aldera euskal kutxen likidazioa Euskal Herriko sare produktiboaren, enpresan eta herritarren onerako dela, ezta agertu ere pribatizazioa saihesteko Bilduren eta GFAren proposamena blokeatzera eraman dituzten zioak.

Egunotan ikusten ari gara herritarrei iruzur egiteko altxa zuten egitura demagogikoa erortzen ari dela. Bankarizazio edota banku-fundazioak sortzeko prozesuan esan zituztenetatik ale bat ere ez da egia; protesta eta mobilizazio sozialik ez sortzea zen helburu bakarra.

Mario Fernandezek esan du Kutxabanken etorkizuna zein izango den (akzioen salmenta edota kapitala zabaltzea, eta akziodun pribatuen dibidendoa hobetzeko helburua); errealitate gordina adierazi besterik ez du egin.

EAJ, PP eta PSE urduritu egin dira agerian geratu delako helmugaren berri eman gabe urratsez urrats aurrera egiteko zeukaten estrategia; Espainiako Bankuaren zirriborroari jarri nahi dizkioten alegazioen xede bakarra herritarrekiko duten ardura ezkutatzea da. Orain arte aukeratu eta ibili den bidearen helmuga bakarra izan daiteke, Espainiako Bankuak iragarri duena, eta hori ondo asko zekiten. Espainiako Bankuaren eta EAJren artean paperak banatzea, batentzat gaiztoarena eta bestearentzat ustez onarena geratzen delarik, parodia hutsa da; honez gero inork sinesterik ez dute lortuko.

Kutxen Legearen alde bozkatu eta zuzenketak adostea, EAJk egin duen moduan, jakinaren gainean izanik horiekin kontrol publiko eta soziala ezabatu eta akzioak kapital pribatuari salduko zitzaizkiola, herri-erakundeen oinarrizko ardurari muzin egitea da (hots, interes orokorra, ez gutxi batzurena aintzat hartzeko ardura).

Harrapaketa honek baditu arduradunak: Araugintza aldetik erabakiak hartu eta hauek gauzatzeko kudeatzaileak izendatu dituzten alderdiak; baina bada ere Jaurlaritzak eta Lehendakaritzak saihestu ezineko ardura politiko bat. Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak estrategia hau babestu izan dute, eta horretan jarraitzen dute, Kutxabankeko egungo zuzendaritzarenganako “konfiantza” adierazi baitute. Kutxabank esku pribatuetan utzi nahi dutenekin fio badira, ados daude; ez dago bestela ulertzeko modurik.

Ataka honetara ekarri gaituen prozesua bertan behera utzi beharra dago berehala; horretarako aukera badago eta euskal jendarte zein ekonomiak premiaz behar du:

  • Kutxabankeko akzioak berehala herri erakundeei itzuli.

  • Kapitala ez da handitu behar, Burtsara aterata zein akziodun pribatuak sartuaz. Kutxabankeko kapitalaren %100 publikoa izango denaren konpromisoa.

  • Konpromisoa hartzea ez dela onartuko prozesuan atzera egiteko eragozpen izan daitekeen neurririk, esaterako Espainiako Bankuak eskatu dituenak, desinbertsio plan bat aurkeztea edota 700 milioi euroko funts bat zuzkitzea.

  • Araugintza aldetik erabakiak hartzea honako helburuekin: Kutxen-Kutxabanken izaera publiko eta soziala defenditu eta hobetzea; erakunde, bezero eta langileen arteko kudeaketa ezartzea, administrazio-kontseilua eta akziodunen batzarra demokratizatuta.

  • Marko normatibo bat sortzea euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko, non Kutxek-Kutxabankek funtsezko eginkizuna beteko duten.

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana, Berri-Otxoak, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Coordinadora ONGD Euskadi, Danok Lan, Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak, Ezker Gogoa, IRPH STOP Gipuzkoa, Kontsumitzaileen Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV), M15M, Mugarik Gabe, Mujeres del Mundo, REAS, PAH Kaleratzerik ez!, SOS Racismo Bizkaia, STOP Desahucios Gasteiz y Gipuzkoa, kutxabank publikoa.

Sindikatuak: EHNE, HIRU, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS