Zenbaitek publikoa/pribatua eztabaida bukatutzat ematen duen arren, Hezkuntza Lege berrirako bidean urrats faltsurik ez emateko, ezinbestekoa ikusten dugu eztabaida hori gauzatzea.
Lurralde, hizkuntz- eta kudeaketa eredu askotan dago zatikatua euskal hezkuntza sistema eta sare publikoa ateratzen da galtzaile. Zonalde askotan eskola publikoak subsidiaritate egoeran ari dira, beste inork onartu nahi ez dituen ikasleak hezten, euskalduntzen, integrazioan laguntzen eta bizitzarako prestatzen. Bere jatorriagatik, sinesmenengatik, sexuagatik edo baliabide ekonomikoengatik inori sarrera ukatzen ez dion eskola dugu eskola publikoa. Eta hori beste inork ezin du esan.
Egoera horren ondorioz, eta Administrazioaren arduragabekeriagatik, hainbat ikastetxe gueto bihurtu dira eta estigmatizatuta daude herritarren aurrean. Oinarririk gabeko beste zenbait kritika ere entzuten dira: publikoak ez omen du eraginkortasunik, bere langileak ez omen daude inplikatuta, ez omen du euskalduntzen… Zenbaitek, eskola publikoaren desprestigioarekin kolaboratzen du, mespretxuz “administraziopeko irakaskuntza” bezala definituz, langileok euskalduntzearen eta aukera berdintasunaren alde egindakoa baloratu gabe.
Gure betiko Euskal Eskola Publikoak gabeziak ditu, eta ez gara soilik baliabideez ari; egokitzapen estruktural sakonak behar ditu, asko eta asko autonomiarekin zerikusia dutenak. Guk ere Euskal Eskola Publiko Berria aldarrikatzen dugu, guztiona eta guztiontzako den Eskola Publikoa, kalitatekoa, parte-hartzailea, demokratikoa, herritarra eta funtzionamendu eraginkorra eta bizia duena. Prest gaude norabide horretan lan egiteko, urteetako esperientzia zakarrontzira bota beharrean. Baina horretan, azkeneko helburuaren erreferentzia ezin dugu galdu: aukera berdintasuna, integrazioa, inklusibitatea eta ekitatea bermatzea.
Euskadiko Eskola Kontseiluaren arabera, ikasleek dituzten jatorri sozio-ekonomiko eta kulturalaren arteko aldea gero eta handiagoa da bi hezkuntza-sareen artean: pribatuan ikasleen maila sozio-ekonomikoa eta kulturala igotzen doan bitartean, publikoan jaisten doa. Hau, hizkuntza eredu guztietan ematen da. Beste aldetik, ELGE-k (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) baieztatu berri digu Ebaluazio Diagnostikoko datuei esker genekiena: ikasleek duten emaitza akademikoen arteko diferentzia handitzen doa maila sozio-ekonomikoa eta kulturala kontuan hartzen badugu. Gero eta zailagoa dute maila sozio-ekonomiko eta kultural baxuko ikasleek maila altuagoa dutenen emaitzetara hurbiltzea.
Datuon arabera, hainbat hezkuntza proiektuen arrakastak zerikusi handia du eskola publiko askok hezkuntza sisteman betetzen duen rolarekin. Lan zikina egiten duen eskola publiko bat behar dute, zenbait proiektuk aurrera egin dezaten. Tamalez, familiak ere horretaz jabetu dira eta matrikulatzeko orduan kontuan hartzen duten irizpide nagusienetako bat da.
Ikastetxe guztiek betebehar eta eskubide berdinak izango omen dituzte. Sistema osoan dituen ondorioak aintzat hartu gabe egiten dute egoeraren argazki partziala. Diotenez, eraginkortasuna eta kalitatea kudeaketa pribatuaren bidez edo pribatuetako irizpideekin egindako kudeaketaren bidez berma daiteke soilik. Beraz, ikastetxe publikoak eredu gerentzial batera egokitu beharko dira, eta gaurko eredua mantentzea proposatzen da pribatuentzat. Eredu horrek izen ezberdinak ditu (gurean, “Gizarte Ekimenena” edo “Ekonomia Soziala”, baina Valentziako PPrentzat “enseñanza pública-concertada”) baina helburu berbera: nortasun propioaren eta efizientziaren izenean hezkuntza sistemaren pribatizazioa onar dezagun nahi dute. Indarrean dagoen kontzertazio unibertsala (EAEn ikastetxe pribatuen 99%ak itunak ditu, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituztenak barne) gainditu nahi dute askatasuneko eszenatoki batera iristeko. Eskola txekearen formula neoliberala ekarri nahi dute gurera: ikastetxetarako autonomia osoa eta familiarentzat haurra nora bidali erabakitzeko eskubidea, publikoa nahiz pribatua izan. Kostu osoa administrazioaren kontura. Horrek bat egiten du hezkuntza sistemaren kontzepzio neoliberal bortitzenarekin.
Ikuspegi ezkertiar eta soberanista batetik, eredu baten aldeko apustua egin baino lehen, egoeraren argazki osoa egin behar dela uste dugu. Horregatik, gure harridura adierazi nahi diogu EHBilduri kontu hauetaz mezu argirik ez baitu adierazten. Ulertezina da errealitate gordinaren aurrean agertzen duen anbiguetatea.
Iker Casanovak idatzi berri du nazio eraikuntzarako kontuak EAJrekin adosten saiatuko direla, eta jendarte eraldaketarako Podemos nahi dutela bidelagun. steilasek Hezkuntza eraikuntza sozialean kokatzen du, eta kezkagarria litzateke EAJren hezkuntza ereduarekin bat egingo balu EHBilduk. Ez dugu sinetsi nahi Heziberrik euskal hezkuntza sistemarako proposatzen duen egituraketa berri honi txeke zuririk emateko prest egongo denik. Are gehiago kontuan hartzen baditugu proiektu horren inguruan dauden aliantza bitxiak.
Ezker Abertzalea irmo agertu da zerbitzu publikoen defentsan eta hauen pribatizazioaren kontra. Espero dezagun ulertezinezko norabide aldaketarik salatu behar ez izatea, kezkatzeko arrazoirik falta ez badugu ere. Iparra galdu ez dadin ondo dago Arnaldo Otegiren hitzak gogora ekartzea “sektore estrategikoetan kontrol publiko eta demokratikoa berreskuratu behar dugu. Jabego pribatua, halako kasuetan, jendarte osoaren zerbitzura jarriz. Hezkuntza eta osasun zerbitzu publiko eta unibertsala bermatu, horren kontrol herritarra eta demokratikoa indartuz… ”
Leave A Comment