Martxoaren 11n, irakaskuntza publikoko langile gehienek, irakasleek eta irakasle ez
direnek, Gipuzkoako Haurreskoletakoek, zentro publiko guztietakoek eta
unibertsitatekoek (EHU-UPV) hautestsontzien aurrean hitzordua dugu ordezkaritza
sindikala aukeratzeko. 32.000 pertsona baino gehiagok botoa emango dugu gure ustez
ongien ordezka gaitzakeenaren alde.

Hauteskunde sindikalak garrantzitsuak dira. Horrenbeste erasoren aurrean ezinbestekoa
da sindikatuak indartzea, gure eskubide laboralak eta hezkuntza-sistema bera
defendatzeko tresna bakarra direlako. Etsipenaren aurrean, borroka da bidea. Ziurrenik,
azken urteetako grebek eta mobilizazioek kalte handiagoak eragotzi dituzte, baina,
hemendik aurrera, galdutakoa berreskuratzeko erasoa hastea eskatzen du egoerak. Hori
da gure konpromisoa.

Urte gogorrak izan dira. Krisia aitzakia gisa baliaturik, administrazio guztiek,
arduragabeko murrizketak egin dituzte gure eskubide laboraletan, bai eta zentroen
eguneroko funtzionamenduan ere. Zerrenda amaigabea da, baina adibide batzuk
ekarriko ditugu. Ordezkapenak ez dira betetzen kasu batzuetan aste bete pasa arte;
EHU-UPV da salbuespen bakarra. Ondorioz, zerrendetan dauden pertsonek lan egiteko
aukerak gutxitu egin zaizkiela ikusten dute eta, horrela, milaka lanpostu galtzen dira.
Irakasle falta hori estaltzeko, proiektu pedagogikoak garatzeko, gelak bitan banatzeko
edo behar zehatzei erantzuteko dauzkaten baliabideak erabiltzen dituzte zentroek.
Espezialitate gehienetako zerrendek urteak daramatzate itxita. Salbuespen bakarra
erlijioko zerrendena da; hainbat aldiz ireki dituzte eta haietara sartzen direnek,
birbaremazio-epean, besteentzat itxita dauden zerrendetara igarotzeko aukera izaten
dute.

Unibertsitatearen ohiko jardunean murrizketen eragina horrenbestekoa izan da non
errektoreak berak salatu baitu unibertsitatea muturreko egoeran dagoela.
Departamentuek eta zerbitzuek beren aurrekontua %50 jaitsi dela ikusi dute, eta 2011-
2014 Unibertsitate Planean aurreikusitakoa baino 165 milioi euro gutxiago jaso zituen
unibertsitateak.

2010eko soldata-murrizketek eta hurrengo bost urteetan murrizketak bere horretan
uzteak gure erosteko ahalmena %20 gutxitzea ekarri du. 2012ko aparteko ordainsaria
galdu genuen (beharbada epeka berreskuratuko dugu), Itzarriko ekarpena… eta
gaixoaldi-bajen diru-kopurua gutxitu dute absentismoa aitzakiatzat hartuta. Erretiroadina
atzeratu dute, errelebo-kontratuak eragozten dituzte eta Mufaceren erregimenaren
barruan ez daudenak baztertzen dituzte. Horrek guztiak dakar langileak zahartzea eta
gazteak lan-mundura berandu sartzea.

EHU-UPVn prekarietate-datuak eskandalagarriak dira administrazioari eta zerbitzuei
bagagozkie, eta irakasleen eta ikertzaileen artean kopuru esanguratsu batek prestigiodun
unibertsitate batean onartezinak beharko luketen soldatak jasotzen ditu. Gure lana
duindu nahi dutela diote, baina gure lan-baldintzak prekarioago bihurtzen dituzte eta
negoziazio kolektiboan edo plan estrategikoak garatzeko orduan ez dituzte gure
solaskideak errespetatzen.

Negoziazio kolektiboa desagertu egin da. Urteak dira lan-hitzarmen guztiak iraungita
daudela –kasu batzuetan 10 urtetik gora– eta lan-baldintza berriak dekretuz ezartzen
dira. Hezkuntzara bideratutako dirua jaitsi egin da –%13,3 2009tik hona– eta eskola eta
unibertsitate publikoarentzat aurrekontua murriztu egin da Europako batez-bestekoetara
gerturatu ordez; ez da gauza bera gertatu, ordea, zentro kontzertatuen kasuan. Gauza
bera esan dezakegu EHU-UPVri buruz: plan berrian azaltzen denez, 2018an jasoko duen
ekarpena 2009koa baino txikiagoa izango da, bien bitartean, unibertsitate pribatuena
goraka doa.

LOMCE inposatzea eta unibertsitateen erreforma berria euskal hezkuntza-sistemaren
kontrako eraso zentralista izan dira. Lehendabizikoa lege atzerakoi eta doktrinatzailea
da: hezkuntza merkatuen mendean jartzen du; bereizketa sustatzen du txikitatik; eskola
inklusiboaren, kohezitzailearen hezkidetzailearen eta integralaren aztarna oro
deuseztatzen du; eta eliza katolikoaren hierarkiaren eskakizunei men egiten die.
Unibertsitatearen erreforman graduak 4 urtekoak izatetik 3 urtekoak izatera igaroko dira
eta masterrak urte batekoak izatetik bi urtekoak izatera, ikasleentzat horrek dakarren
galera ekonomikoa kontuan hartu gabe.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzak, LOMCE indarrean jartzeko prozesua baliatu du Heziberri
2020ren ontasunak saltzeko. Heziberri 2020k LOMCEren puntu nagusiak aplikatzea
dakar, sistema publikoa babesik gabe utziko du eta ia-ia besteen menpeko. Horren
guztiaren azken urratsa izango da Hezkuntzaren Euskal Legea, horrek estaldura
juridikoa emango dio hezkuntza-sistemaren parte bat pribatizatzeari.
steilas zegokion tokian egon da urte hauetan guztietan: protestaldietan eta
proposamenetan. Kalean zerbitzu publikoak deuseztatzea eragozten eta, aldi berean,
kalitatea hobetzeko proposamenak egiten. Martxoaren 11 garrantzitsua da euskal
sistema publikoak zein indarren laguntza izango duen zehazteko. Argi esan dezagun
gure botoaren bidez publikoaren alde gaudela. Hauteskundeetarako leloak dioen bezala:
Publikoa ardatz, publikoa helburu.

Nuria Gallego Romero
Arantza Fernandez de Garayalde
Marian Viadero
Elena Dominguez
Efren Arrizkurrinaga