Hezkuntza Sailak, Confebasken pare, askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea urratu eta langileen eskubideak defendatu eta antolakuntzarako tresnak murrizten ditu
Gaur Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan planteatu duen langileen antolakuntza kolektiborako ordu sindikalen murrizketa gauzatu du.
Hezkuntza Sailak, zerbitzu publikoetan murrizketa berriak inposatzen zituen 2012ko Rajoyren dekretua aitzakia hartuta langileen eskubideak eta interesak defendatu eta erasoen aurka antolatu eta aurre egiteko baliabideen murrizketa inposatu du. Horretarako, 2007ko hauteskunde sindikaletan jaurlaritzak eta sindikatuek lan sindikala garatu eta langileen antolakuntzarako adosturiko akordioa urratu eta baliorik gabe utzi du.
Orain ordea, krisia eta arlo ezberdinetan inposatzen ari diren murrizketak koartada izanda, botere ekonomiko eta gobernuek hartzen dituzten erabakien aurkako erantzuna eta langileen antolakuntza isil arazi eta indargabetzeko aukera aprobetxatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Confebaskek egiten duenaren pare, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratu eta langileok gure eskubideak defendatzeko ditugun antolakuntza kolektiborako tresna eta baliabideak kentzen dizkigu. Langileen eta jendartearen aurka hartzen ari diren erabakiek ez dute erantzun sozialik izatea nahi. Eta edozein antolakuntza kolektibo eta erantzun sozial indargabetu nahi dute.
Jaurlaritzaren erabaki larri hau salatzeaz gain, sindikatuok gure eskura dituen tresna guztiekin egingo diogu aurre, izan ere askatasun sindikala, negoziazio kolektibo eskubidea eta langileok antolatu eta gure eskubide eta interesak defendatzeko tresnak baititugu jokoan.
Gasteizen, 2014ko apirilaren 17an
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT
Leave A Comment