Estatu osoan LOMCE-k behartu duen moduan, gure herrian ere 3. mailako probak hasi dira egiten. Hezkuntza Komunitatearen beste hainbat eragile bezala, steilas-ek proba hauen kontrako jarrera argia azaldu du lehenengo momentutik, erabili den prozesuaren zehaztasunengatik eta atzean dakarren motxila ideologikoagatik.

Prozesuaren aldetik, Hezkuntza Saila hasi zen esaten EAEn ez zela LOMCE aplikatuko, orokorrean, eta LOMCEk ezartzen duen proben eta errebaliden sistema ez zutela hemen inposatuko. Gero, “inperatibo legalak” aitzakiatzat hartuz, aurten “pilotajea” egingo zutela komunitateko hainbat zentro publiko eta pribatutan; horrela maiatzaren hasieran probak izango ziren 30 ikastetxeen zerrenda zabaldu zen, baina baieztapen ofizialik gabe ea horiek izango ziren aukeratutako zentroak edo noiz, nork eta nola egingo ziren probak. Eragile asko kontra agertu ginen, gurasoen elkarteak lehenak, eta ikastetxe askotan (zerrendakoak eta bestelakoak) ekintzen dinamika egutegia zabaldu zuen, familien artean proben kontrako sinadurak bilduz, zuzendaritzei eskutitzak aurkeztuz eta probak aurreikusitako zeuden egunetan ekintzak planifikatuz. Kontrako marea ikusita eta hauteskundeak hurbil zeudenez, prozesua atzeratu egin da, baina probak hasi dira maiatzaren amaieran, nahiz eta planifikazio osoa oraindik argitaratu ez izan. Beste hainbat ikastetxetan, probei egindako boikotak lortu du probak egiteko saiakera bertan behera uztea.

Baina erabili duten sekretismoa eta faltsukeriaren atzean, arreta jarri behar diogu proba hauen eta inposatzeko erabili den formen atzean dagoenari. Hezkuntzaren kontzeptua bera dago jokoan, helburuekin hasiz eta ikasteko eta ebaluatzeko moduan jarraituz.

Pertsonaren garapen integralaren ordez, etorkizuneko langileak eta ekintzaileak formatu nahi dituzte lege berri hauek (berdin digu Espainiako LOMCEk, zein euskal HEZIBERRIk edo Catalunyako LECek). Enplegagarritasuna da helburu nagusia, eta horra begira egokitzen dira ikasketen planak, ikastetxeen konfigurazioa eta urteen zehar gainditu behar diren probak eta errebalidak. Proba hauen funtsa, ikaslearen garapena gainbegiratzea, kontrolatzea eta, markatutako printzipioei ez bazaie egokitzen, zuzentzea da. Iruzurra da 3. mailako probak ez duela eraginik ikasleen promozioa. HEZIBERRIren zirriborroak dionez (53.artikuluan): “Ebaluazioa kontrakoa bada, irakasle taldeak ohiko eta ez-ohiko neurri egokienak hartuko dituzte”. Eta proben emaitzek honelako eragina badute, argi dago proba horiek prestatzeko egokituko dela, neurri handiz, ikasturte horren ikasketa plana.

Bestaldetik, eskarmentua dugu nola beste komunitateetan honelako proben emaitzak erabili diren rankinak argitaratzeko, ikastetxeak sailkatzeko eta gehiago getizatzeko dagoen arrisku argiarekin.

Esandako guztiagatik, hezkuntza eragile guztiei eskatzen diegu borroka jarrai dezaten LHko 3. Mailako probei ezetz borobila esanez eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu probak bertan behera uztea eta gizartearen aurrean argi azaltzea ea LOMCE aplikatzen jarraituko duten edo ez. Era berean herri edo zonalde mailan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzen animatzen diegu.

 Euskal Herrian, 2015eko maiatzaren 27ean

   steilas