De aquellos polvos vienen ahora esos lodos

steilas-ek gatazka kolektiboa sartu du 2014ko Urriko Akordioaren 8. artikuluko 6. puntuko 3 paragrafoaren inguruan, Batzorde Paritarioan hartutako erabakia dela eta. ELAk eta Kristau Eskolak eginiko paktu horren arabera lan harremana bukatua duten langileei finikitoan ez zaizkie ordainduko murrizketen ondorioz pilatutako atzerapenak. Salaketa hau ez omen du gustukoa izan ELAk, eta idazki apokaliptiko baten bitartez -beste gauzen artean- Akordioa bera kolokan jartzea leporatzen dio steilas-i.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkari konponbidea aurkitzea ez zen erraza izan. Urriko akordioak, erabat inor asebete ez bazuen ere, sektoreko sindikatu guztiak elkartu zituen. Zalantzaz zalantza eta luze eztabaidatu ondoren –azken orduko negoziazioak barne- bere osotasunean sinatu zuen steilas-ek. Hain zuzen eztabaidagai den puntua -ikastetxeekin bere lan-harremana eten duen langileari atzerapenak ordaintzea- izan zen sinatzera eraman gintuen funtsezko puntua. ELA-k eta Kristau Eskola-k bazekiten hori eta ez lituzke harritu behar Akordio Transakzionalaren puntu bat aldatzen zuen akordioa salatu izanak. Lehendabiziko akatsa.

Aipatu erabakia hartu zuen momentuan bertan bere asmoa adierazi zien steilas-ek ELAri zein Kristau Eskolari; bere horretan jarraituz gero bide judizialak jorratuko genituela, alegia. Bi erakundeek aldaketaren legaltasuna babestu zuten eta, horrez gain, juridikoki blindatua omen zegoela zioten. Dirudienez, ELAK orain aitortuta hori ez zen egia eta akordio txapuzeroa izan da hau. Bigarren akatsa.

Egia da –eraginkortasunaren mesederako- gainontzeko sindikatuek ELA eta Kristau Eskolari utzi geniola akordio orokorraren kudeaketa. Itxura guztien arabera, ELAk ez zuen ondo burutu bere lana eta gauza garrantzitsuez ahaztu zen. Ez da egia, hala ere, erakunde horiek kontua Paritarioan adostu zutenik. Hor dago -hain zuzen ere- arazoaren muinetako bat eta, badu zerikusirik sindikatu nagusiaren sindikalgintzarekin. Akordioaren aldaketa Batzorde Paritariotik at adostu zen eta proposamen itxi gisa aurkeztu ziguten Paritarioan. Ez zuten nahikoa arrazoirik eman ezta orain eskatzen dizkiguten alternatibarik aurkezteko eperik izan ere. Arduragabekeriaz jokatuz, Batzordea saihestu zen eta gainontzeko sindikatuak gutxietsi zituzten. Ez zen izan, ez aurretik ez ondoren hauteman ziren arazoak sindikatuen arteko kontsensurik bilatzeko saiorik. Hirugarren hutsa, eta larriena.

Oraingoan, ELAk bere akatsak estali nahi ditu langileen artean beldurra zabalduz. Ihesbide hutsa. steilas ez da tranpan eroriko eta orain arte bezala, ikastetxe pribatuetako Giza Ekimeneko langile guztien lan-baldintzen alde lanean jarraituko du.

Irakaskuntzan steilas

20150629_inforria15