Espainiako gobernuak LOMCE inposatu zuenetik EAEko hezkuntza eragileek aho batez erantzun genuen: LOMCEri ez!!. Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak ere lege atzerakoiaren aurkako jarrera erakutsi zuen eta konponbidea bazuela adierazi zuen. EAEk LOMCEri aurre egingo zion gure Hezkuntza legearen, HEZIBERRIren, bitartez. Aho betehortz geratu ginen biak ala biak funtsean berdinak zirela ohartzean. Harrezkeroztik asko izan gara Eusko Jaurlaritzari eskatu diogunak kementsu jokatzea eta aurre egin diezaion gure hezkuntza sistema kaltetuko duen hezkuntza politika neoliberalari.

Nafarroan aldaketa bultzatzen duten indar politikoek sinatutako Akordio programatikoan LOMCE baztertzeko eta bertan behera uztearen aldeko apustua egin dute. Halaber, Aragoiko Gobernuak erkidegoak dituen eskuduntzei dagozkien ataletan DBH eta Batxilergoan LOMCEren ezarpena gelditzea onartu du.

steilas-ek uste du inposaketekin amaitzeko eta LOMCE behin betiko lurperatzeko garaia dela. Horretxegatik dei egiten diogu EAJren gobernuari LOMCE errefusatzeko, bere indargabetzea exijitzeko eta datorren ikasturterako ezarpena bertan behera uzteko.

Euskal Herrian, 2015eko uztailaren 8an