steilasek, EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen sindikatu nagusiak, bere harridura adierazi nahi du Euskadiko Eskola Kontseiluaren Heziberriren Kurrikulum Dekretuei buruzko txostenarekin.

Jakin badakigu HEZIBERRI LOMCE legetik bereizten den egitasmoa dela, baina biak ala biak ildo ideologiko gehienak berdinak dituzte. Hain zuzen, erlijio irakastorduen eta eskola publikoaren pribatizazioaren kasuetan haratago doa. Heziberrik ikasleen segregazioa mantenduko du, euskara irakastorduak gutxiago izango dira, zuzendaritza gerentzialaren aldeko apustu garbia egiten du, familien parte hartzea murrizten du eta indartzen ditu ebaluazio sistema eta ibilbide segregatzaileak.

Egoera honen aurrean, goraipatzea, Euskadiko Eskola Kontseiluak dioen moduan, HEZIBERRIk LOMCE legearen alde kaltegarrienen aplikazioa “minimizatu” egiten duela, ez da zuzena, praktikan, Euskadi Autonomia Erkidegoan LOMCE legea iraunaraziko duelako.

steilas ez dator bat  txostenak dioenarekin, eskasegia deritzo, are gehiago beste erkidego batzuetan, Nafarroa eta Aragoi kasu, LOMCE legearen aplikazioa bertan behera utzi eta eskola publikoa lehenestea erabaki dutenean.

steilas-ek uste du inposatzeekin amaitzeko eta LOMCE behin betiko lurperatzeko garaia dela. Horretxegatik dei egiten diogu EAJren gobernuari errefusa dezala eta datorren ikasturterako ezarpena bertan behera utz dezala.

Euskal Herrian 2015eko uztailaren 14an