Kontratuei uko egiteko eta gero berriro zerrendan erabilgarri jartzeko gaiaren inguruan azken egunetan sortu diren zalantzen inguruan, Enpresak honakoa jakinarazi digu:
Dakizuen bezala, dei bat jaso eta momentu horretan dagoeneko indarrean dagoen lan kontratu bat badugu, eskaintzen diguten kontratuari uko egiteko ziurtagiria bidaltzeko 5 eguneko epea dugu zerrendatik bota ez gaitzaten (Ordezkoen araudiak 4.2. ataleko [k] puntuan esaten duen bezala). Ukoa arrazoitzeko egoera bukatzen denean beste 5 eguneko epea dugu zerrendan berriz erabilgarri jarri ahal izateko eta bertan mantentzeko. Epe hauetan dagozkion dokumentazioa ez aurkezteak zerrendatik kanpo gelditzea dakar (Ordezkoen araudiak 4.4. ataleko [c] puntuak aipatzen duen bezala).
Orain arte Enpresak bigarren epe hau ez du modu zorrotz batean aplikatu eta zerrendan berriz erabilgarri jartzeko ziurtagiriak iristen ziren momentuan onartzen zituen. Azarotik aurrera, ordea, araudia aplikatzen hasiko da, epe denak aintzat hartuz bertan jasota dauden bezala (5 eguneko epe biak, hain zuzen ere).
Aldaketa honen aurrean, urria trantsiziozko hilabetea izango delarik, egoera horretan baldin bazaude eta etorkizunean arazoak edo gaizki ulertuak ekiditzeko, Enpresak aldaketa hau kontuan hartzea eskatzen digu, lehen bait lehen erabilgarri jarriz zerrendan hala nahi izanez gero.
Esan bezala, azarotik aurrera epez kanpo jasotzen diren ziurtagiriak ez ditu onartuko, beraz, ADI!!!
Ordezkoen araudiak hutsune asko dituela gauza jakina da eta Enpresa honetaz baliatzen da momentuan momentuko erabakiak hartzeko, aldebakarrez. Steilas sindikatuak araudi hau negoziatzeko asmoa erakutsi dio Enpresari eta horretan lanean jarraituko dugu. Zuen aldetik edozein ekarpen ongi etorria izango da, egoera asko eman daitezke eta.
Leave A Comment