Azaroak25: Aske izan nahi dut, ez ausart [pdf]
Emakumezkoei zein gizonezkoei haien sozializazio prozesuan oso jarrera estereotipatuak inposatu zaizkie. Emakumeengandik ahultasuna, beldurra edo segurtasun falta, beraz, babesaren beharra adieraztea espero da. Ausardia, aldiz, ipuin tradizionaletan ikus daitekeen bezala, gizonezkoen ezaugarria da. Heroiek hainbat oztopo eta arriskuri aurre egiten diote, gehienetan bakarrik (batzuetan elementu magikoen laguntzaz).
Historian zehar, hainbat emakumek gizonen janzkera erabili behar izan dute emakumeentzat ezinezkoak liratekeen ekintzak burutu ahal izateko. Gogoan ditugu, adibidez, IX. mendean 2 urtez eta 7 hilabetez Aita Santua izan zen Juan VIII.a, Juana zena; Catalina Erauso, Alferez Serora, 1592an Donostian jaioa eta soldaduz jantzita abenturaz eta peripeziaz betetako bizitza izan zuena; Mary Read, Londongo XVII.mendeko pirata, Margaret Ann Bulkey James Barry bihurtuta XIX. mendean medikuntza ikasi eta praktikatzeko; Concepción Arenal, unibertsitatera joateko gizonez jantzi behar izan zuena edo Dorothy ( Billy) Tipton, saxo eta piano-jotzailea Oklahoman 1940an. Beste aldetik, gizonezko askok emozioak disimulatu behar izaten dituzte eta maskulinitateak finkatzen dituen portaerak bereganatu.
Orain, nahiz eta estereotipoak indarrean egon, gero eta ohikoagoa da emakumezkoei eskatzea eredu estereotipatutik aldentzea eta kontrako portaerak izatea, ausartak izateko gonbitea eginez eta indarkeria sexistari aurre eginez. Eraso matxista salatzea eskatzen zaie, nahiz eta horrela hauek areagotu; leku ez seguruetan mugitzean sor daitezkeen arriskuei aurre egitera animatzen zaie… Aldiz, gizonen kasuan ez dago ongi ikusirik emakumezkoei atxikitzen zaizkien bizimoldeak barneratzea. Hau da, portaera maskulinizatuak ongi baloratzen dira bi sexuetan eta femeninoak, aldiz, ez.
Steilas sindikatuan aurten, Azaroaren 25a oroitzeko eta ikastetxeetarako material didaktikoa prestatzeko “aske izan nahi dut, ez ausart” leloa aukeratu dugu, esanahi bikoitza duen leloa. Alde batetik, genero markadun estereotiporik gabeko garapen pertsonal aske bat aldarrikatu nahi dugu, eta bestetik ikasle guztiengan, neska eta mutil, indarkeria pairatzeko beldurrik izan gabe, pertsona oro askatasunean bizitzeko, beharrezkoak diren errespetu eta neurri sozialen kontzientzia sortu.
Bizitzaren hainbat momentutan ausardia erakustea ona izan badaiteke ere, ez litzateke ezinbestekoa izan behar egunerokotasunean kanpo erasoak ekiditeko defentsiban aritzea.
Pertsonarteko harremanetan jarri nahi dugu arreta, adiskidetasunean, elkarrekiko zaintzan eta laguntzan, beharrezkoak ditugun gizarte sareetan. Era berean, esparru seguruen beharra aldarrikatzen dugu, emakumeok, ausart izan zein ez, aske bizitzeko aukera izan dezagun.
Leave A Comment