LAN EZBEHARRAK 2016an

LAN ISTRIPUAK TXOSTENA 2016 [PDF]

2016. urtea bukatzen ari den honetan, lan ezbeharren egoerak nabarmen egin duela txarrera salatu nahi dugu. Izan ere, iaz urte osoan 52 izan ziren guztira eta aurten, Hego Euskal Herrian, bederen, 53 langile hil dira jada lan istripu baten ondorioz.

  • Araban 03
  • Bizkaian 29
  • Gipuzkoan 08
  • Nafarroan 13

Egoeraren larritasuna adierazteko, ondorengo datuak ere esanguratsuak iruditzen zaizkigu:

  • 2016. urteko lehengo 10 hilabeteetan %9,5 handitu da istripuen kopurua, eta larritasunaren arabera:

    • bajarik gabeko istripuak %11,3 handitu dira
    • arinak: %6,7
    • hilgarriak: %6

  • Arinak eta bajarik gabeko istripuei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira. Urtero igo dira:

    • 2014. urtean %1
    • 2015. urtean %3,5
    • 2016. urtean %9,5

  • Lan istripu hilgarriei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira.

  • Egunero 288 lan istripu jazotzen dira. Edo bestela esanda, 5 minuturo lan istripu bat gertatzen da. Istripu horietako 178-k ez dute bajarik eragiten, eta 109-k egun bat baino gehiago irauten duen ezintasuna sortzen dute. Sei egunean behin istripu hilgarria gertatu ohi da.

  • Lanbide gaixotasunak, guztira, %8,2 handitu dira.

  • Egunero 10 bat lanbide gaixotasun sortzen dira. Horietako 6k ez dute bajarik eragiten, eta lauk egun bat baino gehiago eragiten dute.

  • Kontuan hartzen baditugu egun bat baino gehiagoko ezintasunak sortzen dituzten lan istripuak eta lanbide gaixotasunak:

    • Egunero 96 pertsonei ematen diete baja.

    • Hots, 15 minuturo langile bati ematen diote baja.

  • Deigarria da gainera aurten izan diren istripuen hilgarrien herena azpikontratetan izan direla.

LAN ISTRIPUAK (Urtarriletik urrirarte)

Nafarroan nahiz EAEn, 2013 urtearekin alderatuta, bajarik gabeko istripuak nabarmenki areagotu dira.

Nafarroan nahiz EAEn, 2013 urtearekin alderatuta, lan istripu arinak nabarmenki igo dira.

Azken urteotan lan istripu larrietan zerra itxurako estatistika baten lekuko gara, bereziki enpresek eta mutualitateek lan istripuak ezkutatzeko egindako lanari esker.

2013 urtearekin alderatuta, lan istripu hilgarriak nabarmenki areagotu dira. Termino absolutuetan, Hegoaldean duela lau urte ematen ziren datuen oso gainetik gaude.

LAN ISTRIPUAK GUZTIRA

Oro har, laneko ezbeharren joera nabarmenki igotzen ari dela ikus dezakegu; 2013. urtean izan ziren lan istripu gutxien baina geroztik, ondorengo urteetan igoera nabarmena ikusi dezakegu, batez ere 2016. urtean.

ESTATISTIKEK IZKUTATZEN DUTENA

Zenbaki hauek ez dira bat etorriko Osalan edo Nafarroako Lan Osasun Institutoak emango dituen datuekin. Izan ere, askotan salatu dugu estatistika ofizialek ez dutela errealitatea islatzen, istripu ugari ez dituztelako lan istripu gisa sailkatzen. Horien artean ditugu autonomo batzuek izaten dituztenak, etxeko langileenak, ezkutuko ekonomian lan egiten dutenenak, garraiolariek lanaldian izaten dituztenak, in itinere batzuk eta Euskal Herrian lan istripua jasan duten arren, baina haien enpresa kanpokoa duten langileenak.

Bestalde, lan harremanetan hedatzen ari den prekarietatearen ondorioz lan ezbeharren gero eta zati handiagoa ezkutuan geratzen ari da. Askotan enpresariak dira istripu hauek estaltzen dituztenak edo “istripu arin” bezala sailkatzen dituztenak, mutualitateen laguntzarekin, hainbat kasutan eta batez ere enpresa handietan, benetako lan istripu kopurua ezkutatu asmoz, langileak baja hartu ordez, beste jarduera batera bideratzen dira . Beste batzuetan langileak dira istripuak ez dituztenak komunikatzen, prekarietatearen ondorioz ziurgabetasun egoeran daudelako.

Hortaz, argi dago gaur egun dauzkagun informazio estatistiko sistemek ez dutela errealitatea islatzen. Eta hala ere, 2016. urteko lehenengo 10 hilabeteetan, baja gabeko lan istripuak, arinak eta hilgarriak areagotu egin dira. Honek agerian uzten du, premiazko neurririk bideratu ezean, datozen urteotan, lan istripuen kopuruak gora egingo duela.

GAIXOTASUN PROFESIONALAK (Urtarriletik urria arte)

NAFARROA

EAE

HEGOALDE

B

BG

Guztira

B

BG

Guztira

B

BG

Guztira

2013

549

715

1.264

629

1.733

2.362

1.178

2.448

3.626

2014

550

602

1.152

751

1.309

2.060

1.301

1.911

3.212

2015

665

612

1.277

826

1.346

2.172

1.491

1.958

3.449

2016

677

665

1.342

937

1.301

2.238

1.614

1.966

3.580

Azken urteotan lanbide gaixotasunen aitorpenean zerra itxurako estatistika baten lekuko gara. Hori esparru honetan dauden azpi-aitorpenengatik gertatzen da. Alde batetik, mutualitateek ukatu egiten dute patologien laneko jatorria, enpresek egiten dieten presioa onartuz. INSSak, era berean, mutualitateen irizpideak jarraitzen ditu eta gaixoek epaiketa luze eta bihurriei aurre egin behar diete laneko gaixotasunak onartuak izan daitezen..

Izan ere, estatu mailan egindako ikerketa batzuen arabera urtero ez dira kontabilizatzen 63.000 kasu (azpi-aitorpena) eta ildo beretik urtero laneko gaixotasunetzat ez dira onartzen 3.000 minbizi. Oro har esan dezakegu estatu mailan azpi-aitorpena %64ra heltzen dela.

Izan ere, EAEn 2008. urtean Osalanek egindako txostenaren arabera, Osakidetzak bere gain hartu zituen lan gaixotasunen gastua ondorengoa izan zen:

  • Gastu osoaren kalkulua 106.056.881,6 € izan zen.

  • Gastu hau BPGren %0,16ra heltzen da (67.924,5 milioi euro)

  • Eta EAEko Osasun Gastu Publikoen %3,3 (3.200 miloi euro)

Lan istripuen jokabidea eta Europar Batasun osoko lanbide gaixotasunak erreferentziatzat hartzen baditugu, emaitza argigarria da: lan istripuetan jazotzen den heriotza bakoitzeko lanbide gaixotasunek 18 heriotza eragiten dute Europar Batasunean. Aitzitik, Euskal Herrian ez dago halako parametrorik. Izatez, lanbide gaixotasunen harira egiten diren estatistiketan ez da heriotza bakar bat ere lanbide gaixotasunek eragindakoa; nahiz eta, amiantoak eragindako gaixotasunengatik bakarrik, azken sei urtean, 180 langile hil diren (2008.ean 12, 2009.ean 18, 2010.ean 24, 2011.ean 14, 2012.ean 29, 2013.ean 14, 2014.ean 22, 2015.ean 20 eta momentuz 2016.ean 27).

Zalantzarik gabe, honek adierazten du datuak ezkutatzen egiten direla eta honen ondorioak hilgarriak direla. Ez da errealitatea ezagutu nahi eta horrek ezinezkoa egitean du arazoa konpontzeko bidean jartzea.

ARAZO SOZIALA

Lan ezbeharrena arazo sozial larria da beraz. Zenbaki hauek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaia daukan gordintasunean azaleratzeko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da guzti honen atzeran dagoenari buruzko irakurketa politikorik egin nahi.

Izan ere, prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da, honen atzean dagoen zio bakarra, enpresen diru gosea dela, lan kosteak murriztu eta irabazi tasak mantentzeko sakontzen da prekarietatean eta ez dira prebentzio neurriak hartzen. Batzuk gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero egunero, berain bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak

Bestalde, azken hile hauetan izan ditugun istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izan dira eta horrelako kasuek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz. Hau oso larria da, hildakoa hauek ekidin zitezkeen.

Azkenaldian erakundeetatik egiten diguten irakurketa da lan istripuen gorakada jarduera ekonomikoa haztearen ondorioa dela.

Baieztapen hau onartezina da erakunde publikoen ahotik etorrita. Lan arriksuen prebentzioan behar diren neurriak hartu ezkero eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan ezbeharrek ez lukete zertan igo behar. Bestalde, aurreko urteetan (2014. ean adibidez) lan istripuek behera egin zutenean, aplikatzen ari ziren lan osasun politika arrakastatsuen ondorioa zela esaten ziguten.

Gainera, erabiltzen duten argudioa ez da egia, lan istripuen kopuruak gora egin baitu bai zenbaki absolutoetan baina baita ere erlatiboetan. Hala da, “inzidentzia-indizea” delakoa hartzen badugu, hau da, lanean dauden 1000 langiletik zenbatek izan duten baja eragiten duen istripu bat kontutan hartzen badugu, indize horrek sektore guztietan gora egin duela gogoratu behar dugu.

BERAZ, ZER GERTATZEN ARI DA?

  1. Gure lan harremanetan egiturazkoa bihurtzen ari den prekarietatea da lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dagoena.

Lan osasunaz ari garenean ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala bermatuko digun enpleguaz ari gara, gure osasunari kalterik egingo ez dion lanpostuaz. Kontzeptu hau prekarietatearen guztiz kontrakoa da, prekarietateak babesgabetasuna eta ahultasuna dakartzalako ezinbestean.

Prekarietate egoeran dagoen langileak (azpikontratetan, aldibaterako kontratuarekin, malgutasunarekin…) ezin du askotan prebentzio araudiaren betearaztea exijitu.

  1. Azken urteetan, Hego Euskal Herriko gobernuek murrizketak egin dituzte lan osasunera bideratutako gastu publikoan.

Kapitulo hau ia ezerezean utzi dute, ez da heltzen BPGren %0,020ra ere.

Honek adierazten du lan osasuna ez dela lehentasun politiko bat gure agintarientzat. Propaganda egiten dute baina lan osasun politika eraginkor bat egiteko beharrezkoak diren baliabideak ez dituzte inola ere bermatzen.

  1. Arlo honetan ere Gobernuek ez dute patronalaren interesen kontra joan nahi. Ez dago enpresen gaineko egiazko kontrolik, ikuskaritzarik edo zigor eredugarririk.

Prebentzio legeak orain dela 21 urte onartu zuten, baina arau hausteak etengabeak dira baina ez da ezer gertatzen. Adibidez, Osalanek berak eman duen datuaren arabera EAEko enpresen %5ak bakarrik dauka arrisku psikosozialen ebaluaketa bat egina legez behartuta dauden arren. Zer egingo dute araudia betearazteko? Gogora dezagun EAEn Lan Ikuskaritza transferituta dagoela jada. Beraz, borondate politikoa izan ezkero, badago aukera ikuskaritza eraginkorragoa egiteko.

  1. Krisiaren aitzakiarekin enpresa askotan prebentzio arloko inbertsioak murriztu egin dira.

Salbuespenak salbuespen, Hego Euskal Herriko enpresak urruti daude oraindik egiazko prebentzio kultura batetik. Izan ere, gaur egun pairatzen ari garen lan merkatuak ez dauka zer ikusirik prebentzio kulturarekin.

ZER ESKATZEN DUGU?

a) Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar da gobernuen ekintzan. Osasuna bermatuko duen enplegua sortzeko eta prekarietatea ezabatzeko enplegu politikak aldarrikatzen ditugu.

b) Lan osasun politikak errotik aldatzeko eskatzen diegu gobernu guztiei, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz.

d) Enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarriak areagotzea.

e) Lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea lan osasun politiketan. Erregistro bat sortzea eskatzen dugu.

Sindikatuoi dagokigunez:

  • Gai honetan langileen sentsibilizazio eta formakuntza ezinbestekoak dira. Guk lanean jarraituko dugu prebentzio ordezkari eta langileei formakuntza eta lan sindikala egiteko beharrezkoak dituzten tresnak ematen.

  • Mobilizazioa eta ekintza sindikala dira egoera hau gainditzeko gure esku dauden tresnarik eraginkorrenak. Abagune honetan mobilizazioa indartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu egoeraren larritasuna ikusita. Lan ezbeharren gaia lan arazo izatetik arazo sozial izatera eta agenda poltikoan kokatu eta lehentasun izatera pasatzeko lan egingo dugu.

  • Ari gara mobilizazioak egiten. ELA-LAB-ESK-STEILAS-EHNE eta HIRUk elkarlanean dihardugu istripuen aurrean erantzun bateratua emateko. Istripu hilgarria dagoen bakoitzean enpresako langileak antolatu, mobilizatu eta ahalik eta erantzun irmoena ematen dugu: lanuzteak, elkarretaratzeak… Istripu oso larri eta larrietan ere hasi gara erantzun bateratua ematen.

  • Abenduaren 20an beste jauzi bat eman nahi dugu eta manifestazio bat egingo dugu Bilbon, lan istripu eta gaixotasunen aurrean Confebask eta Eusko Jaurlaritzari dagokien erantzukizuna har dezatela eskatzeko.

Lan egiteagatik 53 hildako egotea eskandalu bat da. Confebaskek ez du arazo honi buruz ezer jakin nahi. Euskal erakundeen ahotik ere ez dugu benetako salaketarik entzun, ezta familia eta lankideekiko egiazko elkartasun mezurik ere. Ez ditugu ikusten lan istripuak salatzeko egiten diren elkarretaratzeetan. Hildako horien atzean dauden historia pertsonalak ez dira ezagutu ere egin nahi.

Noiz arte jarraituko dute arazo sozial larri honi bizkarra ematen?