%80 inguruko jarraipena izan du unibertsitatez kanpoko
hezkuntza publikoan gaurko deituriko grebak
Martxoaren 22ko grebari jarraipena emanez, gaur ere milaka langile irten dira kalera murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen
hezkuntza publikoa aldarrikatzera.
Ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile,
sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden
gaurkoan grebara.
Langileen %80 inguruk egin dute bat deialdiarekin. Grebak oso jarraipen zabala izan du lurralde eta eskualde guztietan eta grebara deituriko kolektibo ezberdinetan. Haurreskoletan jarraipena %85 ingurukoa izan da.
Martxoaren 22ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin. Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behinbehinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.
Hezkuntza Sailburuak dioenaren kontrako bidean, gure hezkuntza sistemaren premia larrienei
erantzuten die eta irtenbideak eskaintzen dizkie aipaturiko aldarrikapenek. Beraz, LAB, ELA eta
steilas sindikatuok Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, orain arteko jarrera alde batera utzi eta
egoera honi irtenbidea emango dien proposamen zehatzak mahai gainean jar ditzala grebara deiturik dauden kolektibo ezberdinetan.