Hezkuntzaren bikaintasuna genitaletan datza_pdf

“ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen abisua: irakasleriaren feminizazioak kalte egiten die mutikoei” artikuluari erantzunez

Urriaren 16an, La Vanguardia egunkariak artikulu bat argitaratu zuen, eta adierazi zuen “irakasleriaren feminizazioak kalte egiten diola mutikoei”. Artikuluaren oinarrian, ELGAren txosten bat, aipatu egunkariaren ildo editorialarekin bat samar datorrena.

Ikerketak, funtsean, hauxe dio: ikasleei erreferentzia maskulinoak falta zaizkiela, ez ordea irakasle diharduten gizonak; hezkuntzan lanean ari garenok, haatik, aspaldi handian saiatu gara geure ikasleei zera ulertarazten: gizon jaiota ere, ez dutela zertan maskulinitatea gorpuztu. Edonola ere, badirudi erreferentzia “maskulinorik” ezak kalte egiten diela mutikoei. Are, artikuluak hitzez hitz dioenez, irakasle gizonek hezkuntza-inguru positiboagoa eskaini diezaiekete mutikoei, bai eta emaitza hobeak ekarri ere. Hori hala balitz, lehenbailehen jakinarazi beharko litzaieke irakasleak prestatzen ari diren irakasleei: gure hezkuntzaren kalitatea hobetze aldera, ez dago zertan denborarik galdu estrategia pedagogiko berritzaileetan sakontzen, azken batean genitalak baitira gakoa.

Kuriosoa da, zeren ez baitira berdin kezkatzen aniztasun funtzionaleko, arrazialeko edo sexualeko erreferentzia faltaz, ez eta halako ikasleen emaitzez ere. Gainera, artikuluak salatzen du emakume irakasleek ez dituztela beren ikasleak berdintasunez tratatzen. Kasu honetan, aditzera ematen da emakumeek “diskriminazio positiboa” gauzatzen dutela, hala, “feminazi” terminoaren zaleek hitzetik hortzera darabilten kontzeptua hobesten da, ekitateaz hitz egin beharrean. Bestela esanda, artikuluak iradokitzen du, ez oso sotilki, emakumeok ez diegula arretarik jartzen, ez eta animorik ematen ere, mutil ikasleei, eta, hala, diskriminatu egiten ditugula.

Iradokizun hori iraingarria da, eta, gainera, ez du inolako funtsik: bi koinatuk tabernan esango luketenaren parekoa da. Analisi guztiz partzial eta mugatu horrek ez du kontuan hartzen, besteak beste, badagoela halako logika patriarkal bat zeinaren arabera emaitza onak ateratzen dituzten neska egokiak saritu egiten diren, eta mutil saiatuak, berriz, zigortzen. Emakume irakasleek ez dute, justu, harako eredu hori hauspotzen. Bestela esanda, nola gorpuzten den artikuluak faltan duen maskulinitate hori? Bada eskolako gaixtoa izanez, axolagabe arituz eta paso eginez.

Akaso, azpimarratu beharko litzateke genero-rol horri men egiten diotelako dabiltzala mutil ikasleak eskas ikasketetan, eta ez eskolak ematen dituztenen genitalen ondorioz, zeren, gainera, irakasle horietako batzuen generoa hibridoa da batzuetan, femeninoaren eta maskulinoaren artekoa. Hezkidetza bultzatzen saiatzen garenok oso kezkatuta gaude gai honekin, baina, artikulua sinatzen zuenaren kontrara, gure ardura bakarra ez da gai horrek zer-nolako ondorioak ekar diezazkien mutil ikasleei, ezpada gai horrek ezberdintasun sozialak sortzen dituela. Ikerketak dio hezkuntza-arloa gizon irakaslerik gabe geratuko dela, baina hori ez da egia, izan ere, azken urteotan gora egin baitu magisteritzan izena eman duten gizonen kopuruak. Kristalezko sabaiak, ordea, beti bezain tinko dirau, eta ikasgeletan bikainenak izanagatik, emakumeek nekez lortzen dituzte botere akademikoko postuak. Datuek argi erakusten dutenez, “guraize efektu” bat dago oraindik ere: ardura eta postuetan zenbat eta gorago jo (katedretara, adibidez), emakumeen kopurua txikiagotzen da, eta gizonena, berriz, handiagotzen.

Ekar dezagun mahai gainera curriculum ezkutuaren gaia, Genero Ikasketek eta Ikasketa Feministek luzaroan aztertu dutena: emakumeok ohituta gaude ikusezin bihurtu eta deabrutu gaitzaten, baina lelokeria galanta da erreferentzia maskulinoen falta eta emakumeen gain-errepresentazioa aipatzea. Gauza jakina da ez dagoela emakumerik historiako, fisikako eta matematikako liburuetan, ez dagoela emakumerik zentroetan ospatzen diren kultur efemerideetan, ez eta kaleen eta hezkuntza-zentroen izenetan ere; ez dagoela emakumerik hezkuntza-zentroen erabakiguneetan.

Gizonak gain-ordezkatuta daude arlo publiko guztietan eta batez ere boterean, halakoxe da gure mundua; hortaz, krudela da emakumeek uko egin behar izatea esleitzen zaizkien eta guztiz prekarioak ez diren lanpostu apurrei, La Vanguardiako artikuluak argudiatu bezala. Ez dezagun ahaztu pobreziak emakume-aurpegia duela oraindik ere, eta emakumeak mugatuta daudela eremu domestikora eta zaintza-lanak egitera; nahiz eta inork ez duen aztertu ea horrek modu negatiboan eragiten ote dien zainduak direnei… Akaso ez da halako ikerketarik egin zaintza-lanek ez dituztelako gizonak askorik erakartzen?

Edonola ere, artikulua sinatu duenarekin bat gatoz: lan-eremuak ezberdin banatuta daude eta desoreka soziala dakar horrek. Emakumeok prest gaude parekidetasunez berbanatu diezazkiguten katedrak, presidentetzak, gerentziak eta abarrak, eta, bestalde, prest gaude historikoki egin izan ditugun lanak beste batzuen eskutan uzteko: bizitzari eusten dioten lanak dira hain zuzen ere, zaintza-lanak. Akaso horrela jasoko dituzte gure mutil ikasleek erreferentzia mesedegarriagoak eta parekideagoak.