Gabonak gertu ditugun honetan, kontsumitzeko eromenean ez erortzeko komeriak izango ditugun honetan, joko, jostailu, bideojoko eta liburuek duten garrantziaz hausnartzea oso garrantzitsua da.

Haurtzaroan jakintza, ezagutza eta adierazpena, jokoen eta jostailuen bitartez garatzen dituzte haurrek. Jokoetan horiek gertuko bizipenak eta aukerak adierazten dituzte, portaerak, jokabideak eta trebetasunak ikasten dituzte eta etorkizunerako nortasuna eraikitzen dute.

Gizarte patriarkalean bizi gara, eta balore maskulinoak baloratuagoak dira balore femeninoak baino. Jostailuen publizitate-kanpainek estereotipoz beteriko irudia islatzen dute eta ematen dituzten gizon eta emakumeen rola klasikoek ez dute laguntzen benetako berdintasuna lortzeko.

Hau da, publizitatean agertzen diren jostailuek,… berdintasun harremanak, errespetua eta elkartasuna bultzatu beharrean, sexismoa, indarkeria eta horrelako baloreak bultzatzen dituzte.

Ez dago gure esku komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea, baina bai kritiko jokatzea haien aurrean, sexismoa salatuz eta haur eta gasteekiko jokaeretan eta erabakietan eraginik izan ez dezaten saiatuz.

Jostailu eta bideojoko egokia aukeratzeko kontuan izan behar ditugu kalitatea eta haurren adina, noski, baina batez ere jarrera eta balore positiboak lortzeko laguntzen duten ala ez:

  • Neskek zein mutilek erabili ahal izatea

  • Eredu sexistak eta indarkeria ez bultzatzea

  • Berdinen arteko harremanak eta komunikazioa bultzatzea eta sendotzea

  • Kooperazioa eta laguntasuna sustatzea

  • Jolasaren edo jokoaren helburua ondo pasatzea izatea

  • Edozein umek erabili ahal izatea, hau da, trebetasunik ez izanda ere inor baztertzeko aukerarik ez ematea

  • Dibertigarria eta jolasteko gogoa piztea

  • Jakin-mina eta sormena garatzen laguntzea

  • Jolasteko aukera berriak ematea, hau da, errepikakorra ez izatea

  • Pentsatzeko ahalmena eta arazoei aurre egiteko baliabideak topatzen laguntzea

Eta ezin dugu ahaztu haur eta gazte literatura. Neskek eta mutilek liburuetan islatzen diren pertsonaiekin eta egoerekin bat egiten dute, beraz edozein liburu edo ipuin aukeratu baino lehen kontuan izan behar ditugu ondorengo hauek:

  • Izenburuetan, marrazkietan, eta ekintzetan emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka dagoela, kopuruz eta garrantziaz

  • Hizkuntza, jarduerak eta estereotipo sexistarik ez daudela

  • Gizonezkoak etxeko lanetan eta besteen zaintzetan aritzen direla, emakumezkoek erabakiak eta espazio publikoan protagonismoa hartzen dutela, hau da, rol klasikoak (mutila ausarta… eta neska menpekoa…) transmititzen ez dituena.

Jolasek, jostailuek, bideojokoek eta ipuinek garrantzi handia dute umeen baloreen transmisioan, beraz, gai honi arduraz heldu beharko diogu, oraingo umeak etorkizuneko gizarteko protagonistak izango baitira.

HEZKIDETZA da bidea, beste jendarte eredu bat posible baita!