NAFARROAKO HEZKUNTZAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNAREN

SINADURA KRITIKOA EGINEN DU STEILASEK

Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren behin betiko testua irakurri ondoren, barne koordinazio organoetan dagozkion kontsultak eginik, STEILAS sindikatuak erabaki du babes kritikoa ematea itun honi eta, ondorioz, abuztuaren 24an, ostiralez, egitekoa den sinadura ekitaldira bertaratzea.

Uste dugu itunean negoziazioari esker jasotako neurriak baliagarriak izan daitezkeela irakasleen lan baldintzak eta Nafarroako hezkuntza publikoaren egungo egoera hobetzen hasteko. Hala ere, oraindik neurriok zehaztea falta da, eta haietan sakontzea, lortu nahi ditugun emaitzak erdiesteko.

Zoritxarrez, gobernuak negoziazioak hainbat aldiz eten ditu, eta eztabaida denboran atzeratuz joan da, nahita, aurreko ekitaldietako aurrekontuetan hezkuntza publikoarentzako gehikuntza nabarmenak egin zitezen saihesteko. Mobilizazioen bidez lortu genuen egoera iraultzea eta negoziazioa berbideratzea. Horregatik, itun honen bidez gobernuak “in extremis” betetzen badu ere hezkuntzari dagokion programa akordioa, itunean jasotako neurri gehienak ezin izango dira martxan jarri 2019-20 ikasturtera arte. Hau da, hurrengo legegintzaldira arte. Horrek agerian uzten du aldaketaren gobernuak hezkuntza publikoarekin duen konpromisorik eza.

Bestetik, itunak ez du konpromisorik jaso STEILASentzat oinarrizkoak diren puntu batzuen inguruan; hala nola lan osasun arloko prebentzio neurriak edo hizkuntzen tratamendu egoki baterako planteamendu berri bat, euskara izango duena ardatz. Gai hauetaz eta beste batzuen inguruan (aniztasunari arreta, hezkidetza…), azkenaldian inplementatuz joan direnak sindikatuei ezer kontsultatu gabe, proposamenak egiteko guneak exijitzen jarraituko dugu.

Negoziazioa luzea eta gogorra izan da. Gure aldetik dokumentuari uneoro eta azken momentu arte egin dizkiogu ekarpenak arduraz, hitzarmen hau irakaskuntza langileoentzat ahalik eta onuratsuena izan dadin. Zalantzak zalantza, eta nahi genuen guztia lortu ez dugu arren, ituna sinatzea erabaki dugu, uste dugulako beharrezkoa dela honelako tresna bat edukitzea funtsezko hainbat gai daudenak baino argiago ezartzeko, ikastetxeen antolakuntzari nahiz irakasleen lan baldintzei dagozkienak.

STEILAS erne egongo da, eta Itunaren Jarraipen Batzordean parte hartuko du, hitzartutako neurri guztiak beteko direla ziurtatzeko, hala ez balitz, mobilizazioetara bueltatuz.

Prentsa oharra STEILAS. Hezkuntza ituna. Nota de prensa STEILAS. Pacto educativo.