Beste behin ere, Haurreskolak Partzuergoko langileok jasan behar dugun bigarren mailako tratua salatu beharrean gaude.

Pasa den ikasturte bukaeran STEILAS Sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin izandako bileran ezin izan genuela izena eman salatu genuen (2018-07-04an). Prest Gara ikastaroetako arduradunekin ere hitz egin genuen, eta beraiek ez zutela gure eskaerak onartzeko agindurik ere esatera iritsi ziren (formakuntza propioa baitugulako).

Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren konpromisoa lortu eta gero, pasa den astelehenetik zabalik dagoen epean izena ematen saiatuz gero, Haurreskolak Partzuergoko langileok arazoak izan genituen prozesua burutu ahal izateko.

Orduan, STEILAS Sindikatuko ordezkariak Prest Gara ikastaroetako eta Formakuntza Saileko arduradunekin harremanetan jarri ginen berriz (2018-09-12an), eta oso erantzun ezberdinak jaso genituen:

    • Prest Garako arduradunak: arrazoia ematen ziguten, arazo informatikoak zeuden Haurreskolak Partzuergoko datuak ez baitzeuden oraindik sisteman sartuta. Datu hauek astelehenean jaso zituzten (epea zabalik zegoela jada) eta ostiralera arte ezingo zituztela sisteman sartu onartu ziguten.

    • Haurreskolak Partzuergoko Formakuntza Saileko arduradunak: arazorik ez da existitzen eta datuak sartuta daude.

Formakuntza Sailak arazoak ukatu eta gero, haurreskola guztietan jaso dugu mezu bat langileok Prest Gara ikastaroetan izena emateko ditugun arazoen berri ematen. Zertan ari da Haurreskolak Partzuergoko Formakuntza Saila? Guri arazoa ukatu eta gero, nola liteke horrelako mezu bat bidaltzea haurreskola guztietara? Nola da posible Prest Garako arduradunei esker arazoen berri jasotzea? Haurreskolak Partzuergoak bere ardurak behar den bezala ez betetzeagatik, langileok aste oso bat galdu dugu Prest Garako ikastaroetan izena emateko (gogoratu 2018-09-28an bukatzen dela epea).

Hilabeteetako langileon mobilizazioei esker berreskuratutako eskubide bat horrela zapaltzea ez da bidezkoa. Bigarren mailako langileak izateari uzteko garaia da! Egoera honek ezin du horrela jarraitu!

2018-09-14 PREST GARA SALAKETA