Argi dago hezkuntzan helburuak gauzatu ahal izateko baliabideak behar direla eta  sare publikoa zabaldu eta orokortuko duen proiektu batek konpromiso ekonomikoa behar duela, hezkuntza sistema aurrerakoi, anitz eta justu batek helburu nagusi bati erreparatu beharko lioke, alegia, gizarte bereizketen orekatzaile funtzioa  betetzea, jatorrizko desberdintasunak murrizten lagunduz eta gizartearen baliabide bateratzaile izatea.

Etorkizun hurbilean helburu hau lortzea ezertan geratzeko arrisku bizia dago, gure testuinguruan. Azken  batean, nolako eskola halako gizartea. Edonola, maiz argudiatu izan da Hezkuntza Lege baten beharra esanez  sare pribatua linbo legal baten dagoela, eta hori saihesteko sare guztiak barnebilduko dituen lege bat behar  dela. Zalantzarik ez dago linbo horretaz ari direnean, bereziki sare pribatuko patronalak, finantziazioaz ari  direla. Baina ikastetxe pribatuen finantziazioa eta itunen baldintzak hezkuntzarako eskubidea bermatzen  dituen 8/1985 lege organikoak arautzen ditu.

Beraz, baieztapena ez da zuzena, ez dago inongo linborik, itundutako sarearen finantziazioa “blindatua”  baitago hein handi batean. Gainera, itunen diru sarreraz gain legez kanpoko kuotarena dute. Finantziazioa  kolokan duen sarea publikoa da, ez baitago sare publikoaren gutxieneko finantziazioa arautzen duen  markorik. Azken urteetako murrizketa politikek eta epai judizialek agerian utzi dute sare publikoaren finantziazioaren ezegonkortasuna. Gainera 2009n sailburu zen Tontxu Camposek, Kristau Eskolak eta  Ikastolen Elkarteak sinatutako akordioak itundutako sarearen diru sarrerak handitzea ekarri du, horri gehitu  beharreko bestelako diru sarrerak ere egon direlarik (kuotak, dekretuak….). Edonola, guzti horrek ez du  langileen lan baldintzetan hobekuntzarik ekarri eta are gutxiago kohesio sozialean.

LOMCEk leiho bat ireki zuen pribatu eta publikoaren arteko desberdintasunak lausotzeko. Hau da, hezkuntza  zerbitzu publiko gisako kontzeptua birdefinitzen duen legea da LOMCE. Ez da ezer berria, LOMCE lege atzerakoi eta pribatizatzailea baita. Baina susmoa da ea ireki zen leiho hori garatu nahi ote den EAEn.

Ukaezina da batzuen interesak ildo horretatik doazela, pribatuaren estatusa eta finantziazioa hobetzeko  estrategia argia dirudi. LOMCEk sare publiko eta pribatua maila berean jartzen ditu eta ikasleei plaza bat  bermatzen zaie, ez plaza publiko bat. Horrez gain itunen epea luzatzen da 4 urtetatik 6 urtetara eta ez dira  kontrol neurriak ezartzen integrazioa gauzatzeko itundutako ikastetxeetan.

Guzti honengatik STEILASen argi dugu gure hezkuntza publikoaren biziraupena ziurtatu nahi badugu, sare  pribatuaren finantzaketa eredua kolokan jartzeaz gain, hezkuntza publikoa hornituko duen diru funts  iraunkorra behar dugula. Beraz EUSKAL ESKOLA PUBLIKORAKO FINANTZIAZIO LEGE BAT aldarrikatzen  dugu lehenbailehen.