Legeek agintzen dute SKOLAE programaren kurrikuluma nahitaezkoa izatea Nafarroako ikastetetxe guztietan. Berdintasuna ez da hautazkoa.

Lehenik eta behin, STEILAS sindikatuak bere elkartasun osoa adierazi nahi die Maria Solana kontseilariari eta Pilar Mayo berdintasun ataleko arduradunari, jaso dituzten eraso matxista eta faxistengatik.

Badakigu Skolaeren aurkako erasoak hasi zirela talde eta elkarte ultrakatolikoen eskutik eta ondoren gehitu zirela gero eta eskuindarragoak diren alderdi politikoak (PP, UPN, Ciudadanos eta Vox). Erakunde eta alderdi hauek bi helburu zituzten kanpaina honekin, alde batetik ikastetxe pribatuetan Skolaeren aurkako intsumisioa prestatzea eta bide batez, Nafarroako Gobernua ahal den gehien higatzea. Horretarako, erabili dituzte programaren elemuntu isolatuak, pasadizkoak, eta morbosoak, denak testuingurutik kanpo, azken finean hezkidetzari eta hezkuntza afektibo-sexuala barnertzaileari ospea kentzeko eta Skolaeren ezarpena oztopatzeko.

Leize-zulo mediatiko eskuindarra eta espainolista erasotzen hasi zenean, orduan ja Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Skolae programa hautazkoa zela, baina kezkagarriena Parlamentuan azken egunotan gertatu da, ez baita aurrera atera proposamena programa hau nahitaezkoa izateko Nafarroako ikastetxe guztietan, Geroa Bairen abstentzioarengatik. Honen harira, STEILASek gogorarazi nahi du hezkidetza planean bertan esaten dena: programa nahitaez eta mailaz maila, curriculum bidez hezkuntza-sistema osoan integratuko dela”. Azken hau babesten du Nafarroan indarrean dagoen berdintasunari buruzko legediaren hezkuntza alorrak.

Aldi berean, ikusten dugu nola jarraitzen den eskaintzen erlijio katolikoaren asteko bi saio Nafarroako ikastetxe guztietan, erlijio honen doktrina matxista eta LGTBIfobikoa izanik, eta oraindik ere, Opus Dei bezalako erakundeak kontrolatutako ikastetxeak eta unibertsitatea nola laguntzen den diruz ausarki.

Skolae, bere hasierako planteamenduetan, aurrepauso sendoa da emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna lortzeko eta LGTBI pertsonek jasan duten bortizkeria gainditzeko. Alferrik galduko dugu aukera historiko hau?

Prentsa oharra SKOLAE STEILAS nota de prensa