Gaur azaroak 29 eta bihar, Ortzadarrek antolatutako LGTBI+ Berdintasun Politikei buruzko I. Topaketa egingo da Bilbon. Nork antolatzen, babesten eta nork parte hartzen duen eztabaidara ekarri gabe, Cristina Urtiarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua gobernuko ordezkaria izango dela nabarmendu nahi dugu.

Topaketaren helburuen artean, besteak beste, gizarteko arlo ezberdinetatik pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen gizartea lortzeko bideak lantzea dago, aniztasun sexu-afektiboaren alorrean gauzatzen diren praktika onak ezagutzera ematea eta Unibertsitatearen testuinguruan praktika horiek duten eraginari buruz kontzientzia hartzea. Horretarako debate eta eztabaidarako foroa sortzea beharrezkoa da, bertan ateratako ondorioek etorkizunean Estatuko LGTBI+ berdintasun politikek bizi duten egoerari buruzko ikerketa ahalbidetu dezaten.

Hori guztia kontuan hartuta eta sailburuak Hondarribiko Betiko alarde baztertzailea babesten duela publikoki adierazi ondoren, bere parte hartzea itxurakeria hutsa dela uste dugu. Bestalde, Topaketaren aurkezpena Iñigo Lamarcaren esku dago, UPV/EHUKO EHU alumni taldeko lehendakaria eta Ararteko-ohia (2004-2015). Sailburuaren parte hartzea are paradoxikoagoa iruditzen zaigu, Lamarca Arartekoa zen bitartean egin zituen adierazpenak gogora ekartzen baditugu: Jaizkibel konpainia Hondarribiko alardean emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen duen talde bakarra da; honenbestez, Arartekoak botere publikoei, bereziki Hondarribiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea betetzeko deialdia egiten die, Jaizkibel Konpainia baldintzarik gabe eta modu argian babestuta.

Orohar salatzekoa da kargu politiko batek edozein ekitaldi baztertzaileren alde agertzea, kasurako Betiko alardea, non emakumeak soilik emakume izateagatik diskriminatzen diren Eusko Jaurlaritzako Berdintasunerako Legea urratuz. Are larriagoa da aipatutako karguduna Hezkuntzako burua bada, Cristina Uriarte.

Kartelan adierazi dugun bezala: Pertsonala politikoa da eta Betiko babestea emakumeak eta LGTBI+ kolektiboa diskriminatzen dituzten praktikak sustatzea. Horregatik, STEILASek Cristina Uriarte Sailburuaren dimisio eskatzen du.

Bilbo, 2018ko azaroaren 29an