Joan den astelehenean, martxoaren 4an, mahai negoziatzailea izan genuen eta honako gaiak jorratu genituen:

Soldaten eguneraketa:

Legebiltzarrak funtzio publikoko langileen 2019ko soldataren eguneratzea gehienez % 2,25ekoa izango dela onartu du. Haurreskolak Partzuergoko langileoi martxoko nominan soldata eguneratzea aplikatuko zaigu eta urtarrileko eta otsaileko atzerapenak ere horrekin batera ordainduko dizkigute.

STEILAS sindikatuak honako salaketak jarri zituen mahai gainean:

* Sektorean ez dugu soldata igoera negoziatzeko aukerarik izan, Gobernuak soldata eguneratzea inposatu digulako, 2009tik dugun eroste ahalmeneko galera handia izaten jarraitzen duelarik.

* Hezkuntzako beste langileak baino hilabete bat beranduago jasoko dugu eguneraketa eta haiekiko soldata arrakala gero eta handiagoa da langile horiek Itzarrin duten eguneraketa guk ez dugulako nominetan jasotzen.

Borondatezko eszedentziak:

Ez dugu enpresak egindako proposamena onartzen, STEILAS sindikatuak egindako proposamenetik oraindik hurrun gelditzen baita. Langileei bi urtez atxikipena gordetzea da gure proposamena.

Kudeaketa langileen ordezkapenak:

Enpresak momentuz ez du berridatzi Kudeaketa langileen ordezkapenak nola beteko diren argitzen duen idatzizko dokumentua; hau da otsailaren 21eko lan bileran egindako proposamenak jasotzen dituena.

Kudeaketa langileen ordezkapenak betetzeko eta barne sustapenerako araudietan lanean gaude. Asko dira egin ditugun ekarpenak eta dokumentuen garapenean dihardugu. Ez da lan erraza izango.

Txanda egunen prozedura:

Aurreko ikasturteko ekainean enpresak egin zigun proposamenari STEILASek ekarpenak egin arren, enpresak 2018ko ekainetik ez du landutako beste proposamenik mahai gainean jarri. Enpresak ez du adierazten negoziatzeko borondate askorik.

GAUR BERTAN ARGITARATU DIREN BESTE GAIAK:

* Aitatasuna:
Bihar BOEn argitaratuko da aitatasuna 8 astekoa izango dela eta gaur prentsan apirilaren 1etik aurrera indarrean egongo dela esan dute. Haurreskolak Partzuergoari informazio gehiago eskatu diogu baina oraindik ez digu luzatu. Enpresak informazioa bidaltzen digunean luzatuko dizuegu.

 

* Irakasleen zerrendan hezitzaileen lan esperientzia:
Enpresak gaur jakinarazi digu STEILAS sindikatuak 2018ko urriaren 31an Mahai Negoziatzailean egindako eskaera bat gauzatu dela: irakasleen baremazioan hezitzaileen lan esperientzia ofizioz zenbatu ahal izango dela “Baremazio-orrian” horrela aukeratuz gero. Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak neurri hau ezinbestean hartu behar izan dute kudeaketa langileen lan zama ez biderkatzeko eta hezitzaileen tramiteak errazteko. Deialdia argitaratzen denean informazio gehiago izango dugu.

Hurrengo Mahai Negoziatzailea martxoaren 22an gauzatuko da.

Bihar denok GREBARA! Gora borroka feminista!

2019-3-7 STEILASBERRI 10 Mahai Negoziatzailea