Jakina da STEILASen feminismoa betidanik erdiguneko gaia izan dela. Gure sektorea, irakaskuntza, emakume borrokalarien sektorea izan baita tradizioz. Horregatik gure sindikatuaren sorreratik Emakume Idazkaritza izan dugu, mugimendu feministatik bertatik sortu zena. Hori dela eta, berdintasunaren aldeko borrokan eta gure ikastetxeetan hezkidetza sustatzearren lan egin dugu tinko.

Badirudi feminista askoren lanak etekina eman duela eta gaur egun feminismoa agenda politikoan txertatzea lortu dugula. Hori horrela, gu indarberriturik aurkezten gara gaur, eta jakinarazten dizuegu dagoeneko ez garela STEILASeko Emakume Idazkaritza, Idazkaritza Feminista baizik. Aldaketa xumea badirudi askorentzat, guretzat, izenen garrantziaz asko dakigun feministontzat, aurrerapauso garrantzitsua da. Batetik, feministok esan ohi dugun bezala “izendatzen ez dena ez delako existitzen” eta bestetik orain dela 40 urte satanizatuta zegoen feminismo hitza gaur egun ozen esan dezakegulako.

Izen berri horrek erronka berri bat ere barnebiltzen du, pedagogia feministaren erronka alegia. Gure feminismoak dagoeneko ez duelako soilik emakume txuri heterosexualen eskubideengatik borrokatzen; aitzitik zabala eta anitza da eta patriarkatuaren arauetatik at dauden gorputzentzako borroka eremu bat da. Ikastetxeko arrakala erdigunera ekartzea da gure xedea, ardatza normaltasunetik mugitzea denak askeago izan gaitezen. Aldaketa paradigmatiko hori praktikan jartzea zaila izango dela badakigunez, gure lehenengo urratsa kontzientzia hartze prozesu bat abiaraztea da, horregatik aurtengo martxoaren 12an Pedagogia Feministaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu ditugu Gasteizko Montehermoso Kulturunean.

Egun osoko jardunaldiak izango dira, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00etara, bazkaltzeko eten bat barne. Jardunaldietan normaltasunaren arautik kanpo dauden lau ardatzen inguruko diskurtsoak jorratuko dira; aniztasun funtzionala (Arantza Basagoiti, Eginaren Eginez), ijitoak (Tamara Clavería, Amuge elkartea), trans nerabetasuna (Miquel Misse) eta lodiaktibismoa (Itsaso Blazquez). Eta jardunaldiak amaitzeko Klownklusioak izango ditugu Bea Egizabalen eskutik.

Espero dugu zuen interesekoa izatea eta bertara gerturatu ahal izatea. Jardunaldiak irekiak dira eta gai horrekiko lanketa egitea ezinbestekoa dela deritzogu, gure eskolan dugun aniztasun errealari feminismotik behar bezala erantzun ahal izateko.
Eta gure erronka berriarekin oso ilusionatuta bagaude ere, horrek ez du esan nahi gaindituriko fase bati agur esaten diogunik. Guztiz kontrakoa, izan ginelako gara. Gure ibilbidea eraldaketaren logikan ulertzen dugu, continuumaren logikan, hortaz hezkidetzaren beharra dugu ezinbestean pedagogia feministaruntz abiatzeko.

Eta hezkidetzaren bidean material asko atera ditugunez azken urteetan, ikasturte honetan eskoletan aurrera eraman diren hezkidetza proiektuei aitortza eman nahi diegu. Izan ere, badakigu eskola askotan, feminismoa ekintza txikien bitartez baina konpromiso handiarekin lantzen joan direla proiektu handi eta eraginkorrak bilakatzeraino. Izaera anitzeko proiektuak izan dira, eguneroko ekintza txikiak, eskolako jolastokia, eskolako jarduerak… poliki-poliki berriro hausnartuz eta aldatuz joan direnak.

Denek izugarrizko garrantzia dute borroka feministan, jakin baitakigu hezkuntza oso garrantzitsua dela gizartea eraldatzeko, hezkidetzako balioetatik hasi eta feminismoa lantzerain. Feminismoak pertsona guztien aukera berdintasuna, askatasuna eta errespetua bilatzen duela garbi dugu eta borroka eta antolakuntza ezinbestekoak dira iraultza honetan. Horregatik, administrazioek egiten duten “zuriketa morea” berriro alde batera uztea eskatzen dugu eta balioan jartzea egunerokoan feminismoa lantzen duten hezitzaile eta irakasleak.

Eskoletako proiektu feministen sare bat sortu nahi dugu Euskal Herriko esperientziak elkarbanatzeko, lehen esan bezala, feminismoak antolakuntzaren bitartez gizartea eraldatzea dauka helburu eta horretan lanean ari diren guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu beste behin.

Euskal Herrian 2020ko otsailaren 19an
STEILASeko Idazkaritza Feminista.